Munduaren gailurrean, arropa zaharrekin
2006/08/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
George Mallory eta Sandy Irvine 1924an saiatu ziren Everestera igotzen. Eguraldi ona zuten eta oxigeno-botilak zeramatzaten, baina ez ziren itzuli. Azken aldiz ekainaren 8an ikusi zituzten, tontorrerako bidean dagoen oztopoetako bat gainditu nahian ari zirela. Ordutik ez zen haien berririk izan, 1999an Malloryren gorpua aurkitu zuten arte, Everest mendiaren ipar-isurian.
Mallory eta Irvinek lagun batek utzitako Kodak argazki-kamera bat zuten. Kamera haren bila ibili ziren, tontorrean ateratako argazkirik ba ote zegoen begiratzeko. Tamalez, gorpuaren inguruan ez zegoen kamerarik. Irvinek ote zuen kamera? Oso litekeena da Irvinek argazkilaritza oso gustuko baitzuen, baina ez dute Irvineren arrastorik aurkitu.
Frogarik gabe frogatu nahian
Froga garbirik aurkitu ez duten arren, Malloryren eta Irvineren aldekoek aztarnen bila jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; gainera, erakutsi nahi dute posible dela haiek izatea iristen lehenak. Izan ere, aditu askoren iritziz, ezinezkoa zen garaiera haietara bizirik iristea zuten materialarekin eta arropekin. Eta hori ezeztatzen saiatu dira. Saiatu, eta baita lortu ere.
Hain justu, aurten bertan frogatu dute Malloryk zituen arropak egokiak zirela Everestera igotzeko: Malloryri eta Irvineri kamera utzi zien lagunaren ilobetako bat, Graham Hoyland, Everestera igo da, Malloryren arropen kopia bat jantzita.
Arropak egiteko, Malloryren gorpuak zituen jantzien arrastoetan oinarritu dira. Lancaster, Leeds, Southampton eta Derby Unibertsitateetako adituek egin dute Malloryren jantzien analisia. Ondoren, arropen kopia egin dute, eta mendian bertan aztertu dute egokiak ote diren altuera horietan ibiltzeko.
Tipulak bezala
Gaur egun bezala, Malloryk hainbat geruza zeramatzan jantzita. Aldea materialetan eta geruza-kopuruan dago: azken belaunaldiko ehun sintetikoen ordez, arropak artilez eta kotoiz zeuden eginda, eta guztira zortzi geruza zituen.
Kanpoko geruza gabardina bat zen, sendoa, iragazgaitza baina transpiragarria, eta egungoak baino arinagoa. Horrekin zeramatzan beste zazpi geruzaren artean harrapatuta geratzen zen aireak, berriz, hotzetik babesten zuen. Jakina da aire geldia isolatzaile aparta dela, eta horixe baieztatu du Hoylandek ere. Haren esanean, goxo eta bero ibili da, baita haizeak gogor jotzen zuenean ere.
Malloryk ibili zuen azpiko arropa ere oso egokia iruditu zaio Hoylandi. Oraingo mendizaleek ibiltzen dituzten material sintetikoen ondoan, azpiko arropa zaharra askoz ere goxoagoa da, hobeto egokitzen da soinera, eta, gainera, ez du hain usain txarra hartzen izerditutakoan.
Oro har, jantzi zaharra gaurkoa baino hobeto egokitzen da mugimenduetara eta erosoagoa da, eta ondo babesten du hotzetik eta hezetasunetik. Aipatzekoa da Hoylanden oinetakoak eta eskularruak ere Malloryrenak bezalakoak zirela, eta ez duela arazorik izan. Horrenbestez, Hoylandek uste du arropek, behintzat, ez ziela eragotzi tontorrera iristea.
Heldu ote ziren Mallory eta Irvine? Frogarik lotuko ote dute? Denborak esango du.
7K-n argitaratua.