}

Munduko asmakaririk onena

2003/04/13 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zein ote da munduko asmakaririk onena? Zein tresna gabe ezin da jendea bizi? Galdera horri erantzun nahian inkesta bat egin dute AEBetan, eta emaitza edozein ahoa bete hortz uzteko modukoa da. Lehenengo bosten artean autoa agertzen da, noski, baita mikrouhin-labea eta ordenagailua ere; telefono mugikorra ere ez da falta. Baina tresna sofistikatu horien gainetik askoz asmakari sinpleago bat azaldu da: hortzetako eskuila.
Urteko hitzordurik beldurgarriena: dentistarenganako bisita.

Zenbaitek arraroa iritziko dio teknologiarik aurreratuena darabilten tresnen gainetik eskuila agertzeari, baina horren arrazoia ez da zaila ulertzen. AEBetako telebista-kateetako esatariei begiratu besterik ez dugu hortzei ematen dieten garrantziaz ohartzeko. Guztiek harro erakusten dituzte hortz zuri distiratsuak. Nabari da hortz ederrek pertsona bat erakargarriagoa egiten dutena.

Baliteke, hala ere, itxura fisikoa zaindu nahi horren azpian arrazoi primitiboago bat egotea: osasuna. Hortz ederrak osasun onaren seinale dira, bai AEBetan eta baita gainerako herrialdeetan ere. Horregatik, hortz osasuntsuak izateko nahia mundu osoan zabalduta dago.

Hortzak garbi izateko ardura ez da gaur goizekoa. Osasuna eta hortzen higienea aspaldi lotu zituen gizakiak. Erdi Aroan, Europan, usain gozoko egurrezko txotxak erabili ohi zituzten hagin-arteak garbitzeko, eta aberatsenek urrezko eta zilarrezko txotxak izaten zituzten.

Lehenengo hortzetako eskuila Txinako enperadore batek asmatu omen zuen 1498an. Heldulekua hezurrezkoa zuen eta zurdak txerri-ilez eginak. Europara laster batean zabaldu zen asmakaria. Familia askorentzat garestiegia zen arren, aurreztu eta bakarra erosten zuten, eta guztiek erabiltzen zuten.

Ikerketa batzuen arabera, eskuila elektrikoa da hortzak garbien uzten dituena.

1938an aurrerapen ikaragarria izan zen eskuilaren historian: zurdetako txerri-ileak nylonezko zuntzek ordezkatu zituzten. Nylonezko zurdak leunagoak direnez, ez dute hortzen esmaltea urratzen. Heldulekuak plastikozkoak egiteak ere aldaketa handia ekarri zuen, hortzetako eskuilak jende guztiaren eskura jarri baitzituen.

Hortzetako eskuilaren erabilera jendearen artean zabaldu ahala, aurrerapenak gehituz joan dira. Hain sinplea dirudien tresnak hortzak garbi-garbi uztea lor dezan, teknologiarik aurreratuena erabiltzen da. Helburu nagusia ahoan geratzen diren janari-hondarrak eta bakterio-plaka ezabatzea da. Garbitzeko lekurik zailenak hortzen artean eta atzealdean daude.

Gaur egun aukera zabala dago merkatuan. Adituen esanean, egokienak zurda leunekoak eta heldulekua apur bat kurbatua dutenak dira. Horretaz gain, erabili behar duenaren ahoaren neurria izan behar dela kontuan diote; haurrek, adibidez, buru txikia duten eskuilak erabiltzea komeni da.

Norberarentzako eskuilarik egokiena aukeratzea ez da erraza, ohiko eskuilez gain, eskuila elektrikoak ere bai baitaude. Eskuila elektrikoak egiten dituzten enpresen esanean, ohikoak baino askoz eraginkorragoak dira beraien produktuak, hau da, hortzen gainean pilatzen den bakterio-plaka hobeto ezabatzen dute. Baina beste ikerketa-iturri batzuen arabera, ez dago alde handirik.

Tresna sinplea bezain ezinbestekoa.

Dirudienez, hortzak garbien uzten dituen eskuila elektrikoa da, baina ez edozein eskuila elektriko, buruak aldi berean errotatu eta oszilatu egin behar du. Bestelako mugimenduak egiten dituzten eskuila elektrikoak ez dira ohikoak baino hobeak.

Kontuan izan behar da eskuila elektrikoak eskuak trebeziaz mugitzeko arazoak dituztenentzat edo hortzak beste norbaitek garbitu behar dizkietenentzat sortu zirela.

Ikertzaileak aspaldi dabiltza eskuila perfektuaren atzetik. Itxura desberdineko hortz eta haginak daudenez, gutako bakoitzak hagin-mota bakoitzari egokitutako eskuila bat beharko luke. Arazo hori konpondu nahirik buru bat baino gehiagoko eskuilak eta antzeko beste asmakizun batzuk izan diren arren, gaur egun, eskuila bakarrak funtzio bat baino gehiago bete ditzan bilatzen da. Horretarako, zurden kokapen geometrikoa aldatuz jokatzen dute, gogortasun desberdineko zurdak eta inklinazio desberdinak erabiliz.

Hortzetako eskuilen aurrerapenean zurdek ematen dute joko handiena. Esate baterako, oiak urratu gabe hortzak ondo garbitzeko, ertzetan zurda luze eta leunak eta barnealdean zurda motz eta zurrunak dituzten eskuilak daude.

Azken ikerketetan, zurden barnealdean hodiak egiteko aukera aztertzen ari dira, hala, zurdek likido zein gas bat gorde dezakete barruan eta hortzak garbitzerakoan pixkanaka askatu. Hortzak garbitu ahala bakterioak hiltzen dituen eskuila nahi bada, hodietan likido bakterizida bat sartzen da. Usain gozoko eskuila nahi izanez gero, usain gozodun substantzia sar daiteke hodietan gas eran.

Nabari da hortz ederrek pertsona bat erakargarriagoa egiten dutena.

Zurdek osasunerako ioi onuragarriak izan ditzakete muturretan, edo ultrasoinuak zabaltzeko gaitasuna izan pilatutako janari-hondarrak ezabatzeko. Berritzaileena eremu elektrikoa sortzen duten zurdak dituen eskuila da, esmaltea kargatzen du janaria itsatsita gera ez dadin.

Etorkizuneko eskuila ohikoen oso desberdina izan daiteke ikertzaile talde baten proiektuak aurrera egiten badu. Itxuraz xelebre samarra da buruan duten eskuila, ez baitu heldulekurik. Triku-itxura du: erdigune elastikoa eta inguru osoan zurda txikiak. Eskuarekin eragin ordez, ahoan sartu eta, txikle baten modura, mastekatuz hortzak garbituko ditu.

Aurrerapenak aurrerapen, bada faktore bat benetan ezinbestekoa dena hortzak ondo garbitzeko, eskuila era batekoa zein bestekoa izan. Hortzak ongi garbitzeko beharrezkoena gogoa jartzea da. Eta horretan ikerketa guztiak bat datoz.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia