Munduko biodibertsitatearen inguruko informazioa guztion eskura
2001/03/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
GBIF-ek biodibertsitate-datuak eta informazioaren teknologia-tresnak bilduko dituen sare bat osatuko du. Horrela, edozeinek erabil edota jakitera eman dezake hain zabala baina sakabanatua dagoen informazioa eta, horretaz gain, sarearen erabilerak onura ekonomikoak, ingurugirokoak eta sozialak ekar ditzake.
GBIFen lana biodibertsitateari buruzko mundu osoko datuak biltzea, diseinatzea, aplikatzea eta koordinatzea da alde batetik eta, bestetik, bilketa, lotura, estandarizazioa eta digitalizazioa eragitea. Mundu osoko iturri biologikoak babestu, kudeatu eta erabilera jasangarria izan dezaten tresna garrantzitsua izango da GBIF.
Ekimen horri esker, herrialdeen arteko elkarlana areagotuko da eta erabakiak maila globalean hartu ahal izatea erraztuko da. Gainera, edozeinek har dezake parte, ez du zertan erakunde ofizial bateko kide izan, eta, horri laguntzeko, hizkuntzen arteko zubiak eraikiko dira programa informatikoen bidez.
Bestalde, garapen-bidean dauden herrialdeetan heziketa eta ikerketa zientifikoa zabaltzeko ere oso lagungarria izango da. Informazio hori biomedikuntzan, nekazaritzan eta naturaren kontserbazioan aplika dezakete, gizartearen aurrerapenean eta bizi-kalitatean onurak ekar ditzan.
Ia 50 herrialdek hartzen dute parte eta lehenengo bilera martxoaren 9-11ra izango da Montrealen. Europako Batzordeak GBIFen plataforma eraginkor bat osatzea proposatzen du eta, dagoeneko, energiari eta inguruneari buruzko programak prestatzen ari da.
Informazio gehiago: www.gbif.org
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia