Munduko gosea aztergai
2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1996an egindako Janariaren Munduko Goi Bileran, 2015 urterako munduan goseak jota dauden pertsonen kopurua erdira murriztea hitzartu zuten 186 herrialdetako agintariek. Horretarako, helburu garbia ezarri zuten: urtero gosea pairatzen duten 20 milioi pertsona gutxiago egotea munduan. Baina, oraindik orain, 5 urte pasata, urtero 8 milioi inguru baino ez da gutxitzen. Hori dela eta, Panos Institutuak munduko gosearen inguruko txostena argitaratu berri du Jana guztiontzat: goseak daudenen kopurua erdira murritz al daiteke? izenpean.
Panosen ustez, munduko gosea ez da janari-eskasiaren ondorioa. Azkeneko datuek erakusten duten bezala, janari-ekoizpena hazi egin da, baina ez gosea dagoen herrialdeetan. Txostenaren arabera, merkatuaren liberalizazioak berak pobrezia areagotzen eta garapen jasangarria eragozten du. Hori dela eta, gosearekin amaitzeko bide berriak proposatu dituzte.
Baina bestelako gaiak ere aztertu dira txostenean. Herrialde txiroetan ingurumenak —lurrak, klimak eta ur-eskasiak, besteak beste— ezartzen dituen mugez eztabaidatu da, hala nola biodibertsitatea zaintzeko beharraz. Gainera, genetikoki eraldatutako landareen inguruko hausnarketa egin ostean, hainbat nekazaritza-ustiaketa aztertu ditu Panos Institutuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia