}

Munduko gosea aztergai

2001/11/06 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia


Panos Institutua munduaren garapenaren inguruan eztabaida pizteko sortu zen, eta orain munduko gosearen inguruko txostena argitaratu berri du Jana guztiontzat: gosea erdira jeitsi al daiteke? izenpean.

Azkeneko datuen arabera, munduan oraindik 800 bat milioi pertsona ari dira gose kronikoa pairatzen. Hala bada, munduko zazpi biztanletik bat behar adina janari eskuratu ezinik dabil, eta Afrikan %34ra iristen da kasu askotan.

1996an egin zen Janariaren Munduko Goi Bileran 2015 urterako goseak jota daudenen kopurua erdira jeistea hitzartu zuten 186 herrialdetako agintariek. Horretarako helburu garbia ezarri zuten: urtero gosea pairatzen duten20 milioi pertsona gutxitu egotea munduan. Baina, oraindik orain, 5 urte pasata, urtero 8 milioi inguru baino ez da murrizten. Era horretara, askoz ere urte gehiago beharko genuke goi-bilera hartan ezarritako helburua lortzeko.

Panos Institutuak plazaratu duen txostenean herrialde horietan ingurumenak -lurrak, klimak eta ur-eskasiak, besteak beste- ezartzen dituen mugaz eztabaidatzen da, hala nola biodibertsitatea zaintzeko beharraz. Genetikoki eraldatutako landareen inguruko hausnarketa egiten da, eta hainbat nekazaritza-ustiaketa aztertzen dira.

Baina bestelako gaiak ere aztertzen ditu txostenak. Panos-en ustez, munduko gosea ez da janari-eskasiaren ondorioa, eta komertzio libreak gosearekin amaitzeko modurik ba ote dakarren eztabaidatzen du.Txostenaren arabera, merkatuaren liberalizazioak pobrezia areagotzen du eta garapen jasangarria eragozten du, liberalizazioaren aldekoek ekonomiaren hazkuntza suspertuko zuela adierazi bazuten ere. Gutxi batzuek oso merke ekoiztea askotan eskualdeko ekoizleen kalteerako izaten da, kanpotik ekarritako jana baino ez kontsumitzera jotzen baitute biztanleek. Azkeneko datuen arabera, janari ekoizpena hazi egin da, baina ez gosea dagoen herrialdeetan. Hori dela eta, gosearekin amaitzeko bide berriak proposatzen dira txostenean.

Interesa duen orok Panos Institutua ren helbidean eskura dezake txostena oso-osorik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia