Munduko kobazulorik sakoneneko biztanleak
2012/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nafarroako eta Errusiako ikertzaile-espedizio batek lau animalia-espezie berri identifikatu ditu Abkhazia eremuko kobazulo batean, Itsaso Beltzetik hurbil. Munduko kobazulorik sakonena da --hau da, 2.191 metroko sakonera du--, eta aurkitutako bi espezieak Lurrean sakonen aurkitu diren artropodoak dira.
Kolenboloen taldekoak dira guztiak. Kolenboloak ornogabe artropodo ugari batzuk dira, intsektuen, araknidoen edo krustazeoen oso hurbilekoak. Eskeletoa kanpoaldean izateagatik eta apendize artikulatuak izateagatik (hankak, antenak, etab.) bereizten dira. Horiez gain, furka izeneko organo berezi bat daukate salto egiteko. Kobazuloan egiten duten bizimodua dela eta, lau espezie berriek ezaugarri zehatzak dituzte lur azpiko muturreko kondizioetan bizirauteko --alegia, erabateko iluntasuna eta elikagai oso gutxi--.
"Kondizio horietara egokitzeko erantzun gisa, aurkitutako animaliek ez daukate begirik, ezta pigmentaziorik (kolorerik) ere", azaldu du Enrique Baquero zoologo eta Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitatea, Paisaia eta Kudeaketa iraunkorra Masterreko irakasleak, ikerketa-lanaren egileetako batek. Baquerok argitu duenez, materia organikoaren bidez esplika daiteke espezie horiek halako ingurune latzean bizitzea. "Materia organikoaren gainean hazten diren onddoez elikatzen dira, eta, beraz, hura deskonposatzen laguntzen dute, eta kobazuloetan egoten diren artropodo-komunitate egonkorren sarea osatzen dute".
Sakonera zehatz batean aurkitu dute espezieetako bakoitza, eta aleak 1 eta 4 mm bitarteko luzerakoak dira. Izen hauek dituzte: Anurida stereoodorata, Deuteraphorura kruberaensis eta Schaefferia profundísima . Sakonerarik handienean aurkitutakoa, Plutomurus ortobalaganensis , gainazalaren azpitik 1.980 m-ra aurkitu da.
Krubera-Voronya kobazuloa da 2 km-ko sakonera baino handiagoa daukan munduko kobazulo bakarra. Hainbat eta hainbat espedizio izan dira barruan, baina honako honek deskribatu du lehen aldiz barruko fauna.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia