}

Munstroa oin azpian

2001/03/25 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Beldurrezko pelikuletako edo liburuetako munstro baten antza har dezakeen onddoa da Armillaria ostoyae . Espora emankor batetik abiatuta, lurrazalaren babespean ezkutatuta, gizakia ohartu gabe, ikaragarri hedatzera irits daiteke. Duela urte gutxi batzuk aurkitu zuten onddoa zuhaitzen parasito hilgarria da.

Handia eta parasito hiltzaile gotorra da, baina lurrazalaren babesean, hanka azpian bizi den Armillaria ostoyae onddoaren existentziaren arrastorik ere ez zegoen orain dela urte gutxi batzuk arte. Baldintza normaletan bere tamaina nahiko txikia da, baina kasu berezi batzuetan neurriz kanpo hedatzera hel daiteke. Garapena harizpien hedadura mantso baina sendoari esker lortzen du eta, normala denez, organismoa zenbat eta handiagoa, orduan eta elikadura behar handiagoa izaten du. Baina ez pentsa goseak hilko denik. Ez, ez hori baino lehen zuhaitz berrien erroetara lotu eta materia organiko guztia xurgatuko die.

Goiz edo berant, infekzio-puntuaren inguruko zuhaitz guztiak onddoaren biktima izaten amaitzen dute. Izan ere, nahikoa da zuhaitzaren erroak handitzean onddoaren harizpiekin kontaktuan jartzea kutsatuak izateko.

Lur azpiko onddo erraldoi honek materia organikoa digeritzeko entzima bat jariatzen du harizpietatik. Onddo pasaritoak zuhaitzari ez dio bere erroek biltzen duten elikagaia jasotzen uzten eta astiro-astiro ahultzen joaten da.

Zuhaitz edo baso bat infektatuta dagoen jakiteko, nahikoa da udazken aldera itzuliño bat egin eta zuhaitzen enborren oinean onddo horixkarik dagoen ikustea. Udazkenera arte itxaron nahi ez duenak, berriz, enborraren azalaren azpian harizpi zuririk dagoen edo adaburuek kolore horixka, gorrixka edo marroixka duten begira dezake.

Ez du ezerk gelditzen

Udazkenean, zuhaitzaren oinean onddo horirik badago, armilaria ostoyae han dabil.

Onddo honek badauka inoiz hutsik egiten ez dion babesle bat, edozein gisatako erasoei aurre egiten laguntzen diona. Babesle hori lurrazala besterik ez da eta berdin-berdin babesten du tenperatura altuetatik zein pozoi kimikoetatik. Horregatik, eguzki-izpiek eta basoetako suteek ez dute hiltzen eta tratamendu kimikoak bere neurrian baino ez dira eraginkorrak.

Gehienbat konifero espezieei erasotzen die, besteak beste, pinu, izei, alertze eta altzifreei. Gainera, dirudienez, zuhaitz gazteak dira gaitzak jota errazkien hiltzen direnak. Zaharrenek luzaroago egiten diote aurre, baina onddoek hiltzen ez badute ere, erabat ahulduta, haize bortitzen erasoari edo beste izurriteei aurre egiteko indarrik gabe gelditzen dira.

Europako eta Ipar Amerikako basoetan Armillaria generoko 40 bat espezie daude. Kasu batzuetan, onddo honen tamaina benetan ikaragarria da. Lur azpiko onddo erraldoi honen aurkikuntza sonatuenetakoa, 1992an, Crystal Falls ondoan (Michigan) egin zuten. Inguruetako basoetan aurkitutako onddoei analisi genetikoa eginez, onddoa (eta ez onddoak) 15 hektareatan zabalduta zegoela ikusi zuten.

Handik hilabete gutxira, aurkikuntza hori txiki geratu zen Washingtongo estatuan 600 hektareatan zabaldua zegoen onddoa aurkitu baitzuten. Hala ere, azken hori ere ez da Guiness liburuan sartzeko modukoa. Catherine Parks ikerlariak aurkitu zuen, 1998an, oraingoz ezagutzen den onddorik handiena; 900 hektareako neurria duena, alegia. 2.400 urte inguru dituela kalkulatzen dute eta oraindik ez dakite zer pisu duen.

Bertako biztanleak aspaldi ohartuak ziren inguruetako zuhaitzek gaitzen bat bazutela, baina analisi genetikoak egin aurretik, inork ez zukeen pentsatuko entitate bakarra zenik!

Irtenbide zaila

Udazkena arte itxaron gabe, enborraren azpian harizpi zuriak dauden begira daiteke.

Onddoa ikaragarri hazten denean ikerketak egiteko oso interesgarria denez, ez da komeni onddo denak errotik hiltzea, baina, egia esan, inbasio horrek ez die grazia handirik egiten basozainei eta zur-ekoizleei. Zoritxarrez, duen babesarengatik ez dirudi batere erraza onddoari erasotzea.

Lehenik eta behin, proposatzen diren tratamendu guztiak biziki kario dira. Tratamendu kimikoak, banatu behar den produktu kimiko piloagatik, ez dira irtenbide egokiak. Maiz, infektatutako arbolak ordezkatzea beste irtenbiderik ez dago, ahal dela onddoari aurre egiteko indar gehien duten espezieak sartuz.

Onddoa errotik kentzeko asmoa badago, berriz, ez da nahikoa zuhaitzak moztea. Lur-eremu guztia hondeatzaileekin altxa egin behar da, erro infektatuak kentzeko eta onddoa eguzkitan jartzeko. Iluntasunak ematen dion babesa kenduta onddoa laster hiltzen omen da. Noski, onddoa ehunka hektareatan hedatua eta hiru metro sakon murgildua badago, ez da batere lan erraza. Gainera, neurri zorrotz hori hartuta ere ez du ezerk bermatzen behin betiko desagertu denik.

Bestalde, ezinezkoa da izurritea bere baitarik geldituko dela pentsatzea. Izan ere, duela mende erdi bat hildako zuhaitzek oraindik ere kutsatzeko gaitasuna dute eta mendeetan zehar baso oso baten lur azpia kutsatzeko gaitasuna duen onddoa da. Hori ikusirik, argi dago denbora onddoaren alde dagoela.

Hala ere, badirudi, ikerlariak ez dabiltzala errekorrak hausteko bakarrik onddo handienaren bila. Ikerketa anitzen ondorioz, azkenean, badirudi irtenbidea Purdue Unibertsitateko ikerketa-talde baten eskutik etorriko dela. Talde horrek dioenez, landareak autodefendatzeko gai izan daitezke. Horretarako, landareak substantzia kimiko bat jaurtitzeko egoera egokian jarri behar dira. Substantzia horrek onddoaren zelulak suizidatzera bultzatzen ditu.

Oraindik ez dute ideia hori gehiegi zehaztu eta ikusteko dago zein egoeratan jarri behar diren landareak, baina ea baso gehiago hil baino lehen irtenbide bat emateko gai izaten diren.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia