}

Muskuilu-kola sintetikoa erabilgarri izan liteke medikuntzan

2013/02/25 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

muskuilu-kola-sintetikoa-erabilgarri-izan-liteke-m
Arg. Inductiveload

Muskuiluek arroketan itsasteko erabiltzen duten itsasgarria imitatuz, itsasgarri berri bat sortu dute Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileek, eta erakutsi dute medikuntzan aplikazio interesgarriak izan ditzakeela.

Izan ere, muskuiluen itsasgarriak badu abantaila handi bat gainerako itsasgarrien aurrean: gainazal bustietan funtzionatzen du. Alegia, ura ez da eragozpena itsasgarria gogortzeko eta bere funtzioa betetzeko. Hamabost proteinaz osatuta dago muskuilu-kola, eta proteina horietan denetan oso ugaria da DOPA aminoazidoa (dihidroxifenilalanina), bereziki gainazalarekin kontaktuan dagoen zatian. Hain zuzen ere hori hartu dute aintzat ikertzaile estatubatuarrek, eta polietilen glikol izeneko polimero bati DOPA sintetikoa gehitu diote. Horrela lortu dute muskuilu-kolaren oso antzeko propietateak dituen itsasgarria.

Gainazal hezeak itsasteko gaitasun hori oso baliagarria izan liteke medikuntzarako, hainbat ehun itsasteko, esaterako. Hala, animalia bizietan funtzionatzen duen ikusteko, albaitariekin elkarlanean hainbat proba egin dituzte. Zakur baten arterian ebaki bat ixteko erabili zuten arrakastaz, eta orain untxien fetuekin ari dira lanean. Izan ere, gero eta gehiagotan egiten dira ebakuntzak sortzetiko malformazioak (arantza bifidoa, esaterako) konpontzeko, fetua oraindik umetokian dagoenean. Eta ebakuntza horietan gerta daitekeen fetu-mintzaren haustura konpontzeko itsasgarri egokirik ez dago. Untxietan fetu-mintzean egindako zuloa ixteko erabili zuten, eta, itsasgarririk gabe, fetuen % 40k iraun zuen bizirik, eta itsasgarriarekin, berriz, % 60k. AAAS-ren urteko biltzarrean eman dute emaitza hauen berri.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia