Muskuluen kontrolik ez duen pertsona bat hitzen bidez komunikatzea lortu dute
2022/03/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Muskuluen kontrola erabat galduta zuen, eta, ondorioz, komunikatzeko inolako gaitasunik ez zuen pertsona bat hitzez komunikatu ahal izatea lortu dute, garun-ordenagailu interfaze baten bidez. Nature Communications aldizkarian argitaratu dute lorpena.
Neurona motorrak kaltetzen direnean, alboko esklerosi amiotrofikoan kasu, mugitzeko eta hitz egiteko gaitasuna galtzen dira. Arazo hori duten pertsonentzat badira zenbait metodo begi-mugimenduen edo aurpegiko muskuluen bidez komunikatu ahal izateko. Baina muskulu horien kontrola ere galtzean, komunikatzeko inolako aukerarik gabe gelditzen dira.
Kasu horretan zegoen pertsona bati garunean bi mikroelektrodo ezarri diote, eta, haiek jasotako seinaleen bidez, gaixoak lortu du alfabetoko hizkiak aukeratzea. Hala, gai izan da hitzak eta esaldiak sortzeko, minutuan karaktere bateko abiaduran.
Gaixoak bere jarduera neuronalaren feedbacka jaso zuen, soinu gisa; eta horri esker ikasi ahal izan zuen garuneko neuronen jarduera kontrolatzen, “bai” edo “ez” adierazteko moduan. Hala, bozgorailu baten bidez erreproduzitutako alfabetoko hizkiak aukeratu edo baztertu ditzake.
Lehenengoz lortu da muskuluen kontrola erabat galduta duen pertsona batek komunikatzeko modu bat izatea. Hala, aldi berean, frogatu dute pertsona horien garunak aginduak emateko gaitasuna mantentzen duela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia