}

Musuak zientzialarientzat

2008/04/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zer dira musuak zientzialarientzat? Gainerako pertsonentzat bezala, zientzialarientzat musuak maitasun-adierazpenak dira, eta baita plazer-iturri ere, edo amodiozko keinu edo sexu-harremanetarako atari... Horretaz guztiaz gain, baina, zientzialarientzat musuak ikergai erakargarria ere badira.
Txinpantze amek janaria murtxikatuta ematen diete haien kumeei, ahotik ahora.
A.Fischer

Ikertzaileak aspalditik saiatu izan dira azaltzen zergatik ematen diogun musu elkarri. Erantzun nahi duten galderetako bat hau da: musu ematen ikasi egiten dugu, edo berezkoa da? Izan ere, populazioaren % 90ek musu emateko ohitura duen arren, zenbait kulturatan ez dute ezpainetan ematen musu, eta beste era batera erakusten dute maitasuna eta estimua.

Mundu osoko pertsonen hamarretik bederatzik musu emateko ohitura izateak, ordea, giza espeziearen berezko ezaugarri edo portaera bat dela pentsarazten du, eta horixe uste dute zientzialari gehienek. Hala, eboluzioan nondik nora sortu ote zen aztertu dute. Adibidez, 1960ko hamarkadan, Desmond Morris zoologo ospetsuak, primateen portaera aztertuta, proposatu zuen amek kumeei janaria emateko ohituratik datorrela musua.

Hain zuzen, txinpantze amek janaria murtxikatuta ematen diete haien kumeei, ahotik ahora, eta, horretarako, bataren ezpainak bestearenarekin elkartzen dira. Beharbada, gerora, ezpainak elkartzea kume gosetuak lasaitzeko modu bat bilakatu zen, eta denborarekin, maitasuna eta babesa adierazteko keinu bihurtu zen. Morrisen arabera, badirudi amaren eta kumearen arteko musu antzeko hori beste maitasun-mota batzuk adierazteko zabaldu dela gizakietan.

Informazio-iturri

Eboluzioan musua nondik nora sortu zen aztertu dute ikertzaileek.

Gizakia, gainera, ez da musuak ematen dituen espezie bakarra. Bonoboak pertsonen antzeko primateak dira alderdi askotan, eta musuak ematen ere ez dira asko bereizten pertsonetatik: San Diegon (AEB), zoora ekarri berria zen bonobo batek musu sakon baten bidez agurtu zuen zooko zaintzailea.

Zientzialarien esanetan, musuak informazioa trukatzeko modu eraginkorra dira, eta garrantzi handia dute bikotekidea aukeratzean. Hori izan daiteke musua eboluzioan agertzeko (eta aurrera egiteko) gakoa. Izan ere, uste baino informazio gehiago jasotzen dute pertsonek musuen bidez: usaimeneko, ukimenekoa, jarreraren gainekoa... eta horiek denak, elkarrekin, pertsona bat bestearentzat aproposa den ala ez erabakitzeko zantzu erabakigarriak dira.

Fisika eta kimika

Musuetan, dena ez da fisika-kontua; kimikak ere badu lekua

Musuetan, guztia ez da fisika-kontua, kimikak ere badu lekua. Animalia eta landare askok feromonak erabiltzen dituzte espezie bereko beste kideekin komunikatzeko. Intsektuek, adibidez, feromonak isurtzen dituzte arriskuaz ohartarazteko, janaria non dagoen jakinarazteko edo sexu-erakarpena erakusteko.

Intsektuek ez ezik, ugaztun batzuek ere detektatzen dituzte feromonak, hala nola saguek eta txerriek. Horretarako, organo berezi bat dute ahoaren eta sudurraren artean, organo bomeronasala. Eta argi dago funtzio bat baduela: txerri-haztegietan, aketzaren feromonak erabiltzen dira emeen araldia sinkronizatzeko. Ez dago batere garbi, ordea, gizakiek ere feromonak detektatzeko gaitasuna ote duten.

Izatez, pertsonek ez dute organo bomeronasalik; hala ere, ikertzaile batzuek uste dute badutela feromonei antzemateko ahalmena, eta sudurrari esker, hain juxtu. Horrek azalduko luke, adibidez, zergatik sinkronizatzen diren elkarrekin bizi diren emakumeen hilekoak, edo zergatik emakumeek nahiago dituzten haien immunologia-sistemarekin bateragarriak diren gizonezkoen usaina duten elastikoak.

Hala balitz, feromonen trukea egiteko modu ezin eraginkorragoa lirateke musuak. Halaber, musuek sorrarazten duten hormona-dantza aztertu dute ikertzaileek, garunean eta gainerako organoetan duten eragina, eta beste hainbat alderdi biologiko, fisiologikoko eta neurologiko. Baina, oraindik ere, musuek ez dute misterioa galdu, ez zientzialarientzat, ez beste guztientzat.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia