Mutazio-tasen gorakadari egotzi dizkiote genometan izandako galerak
2020/08/06 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Organismo prokariotoetan, mutazio-tasaren eta genomaren tamainaren artean lotura dagoela babestu du zientzialari-talde batek. Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dutenez, mutazio-tasarik handiena duten prokariotoek arinago galtzen dituzte geneak, eta, ondorioz, haien genomen tamaina txikitu egiten da.
Ikerketa egiteko, prokarioto-sorta bat aukeratu dute, tartean endosinbiotikoak diren bi andui eta beste zazpi prokarioto-mota, eta horietan geneen galera nolakoa izan den aztertu dute. Nabarmendu dutenez, mutazio-tasak bereziki azkartu dira DNAren konponketan laguntzen duten geneak galdu direnean.
Korrelazioa aurkitu duten arren, aitortu dute atzean egon daitezkeen zio ebolutiboak azaltzeko moduan ez daudela: behar ez diren gene horiek galtzeak moldaera-abantaila eman dezakeela azaldu dute, baina onartu dute ere ausazko prozesua izan daitekeela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia