}

Mutazioa, isila baina nabarmena

2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mutazioa, isila baina nabarmena
2007/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Zientzialariek uste zutenez, gene batean gertatutako mutazioak ez du eraginik, ez badu proteinaren oinarrizko sekuentzia aldatzen. Askotan bezala, ordea, ustea ustela zela ikusi dute.

Science aldizkarian argitaratutako lan batean, ikertzaileek frogatu dute mutazio isilek ere, hau da, aminoazidoen sekuentzia aldatzen ez dutenek ere, batzuetan eragina dutela, eta ez nolanahikoa, gainera.

DNAren nukleotido bakar bat aldatzen denean, eta aldaketa horrek kodetzen duen aminoazidoan ondoriorik ez duenean, mutazioa isila dela esaten da. Aminoazidoak kodetzeko hiru nukleotido behar dira, eta horien konbinazioaren arabera erabakitzen da zer aminoazido egin. Konbinazio bat baino gehiago dago aminoazido bakoitzeko, eta, beraz, litekeena da nukleotido bat aldatzea, baina aminoazido bera sortzea. Ondorioz, proteinan ere ez dago aldaketarik, aminoazido-katea ez baita aldatu. Hori teorian.

Baina egiatan zerbait aldatzen da. Hori frogatzeko, MDR-1 genearen aldaerak aztertu dituzte ikertzaileek, eta frogatu dute aminoazido-kate berbera izanda ere eragin desberdina dutela. Dirudienez, mutanteak hiru dimentsioko egitura zertxobait desberdina du, kontuan izanda egiturak izugarrizko garrantzia duela funtzioan, horrek azaltzen du halako aldea egotea baten eta bestearen eraginen artean.

1
228
2007
2
010
Genetika; Medikuntza; Osasuna
Berriak labur
6