Mutilak mutilekin
1998/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hiru hilabeteko haurrekin eginiko esperimentu batean garbi ikusi denez, adin honetako umeak sexua bereizteko gai dira. Gainera, badirudi, mutilek mutilak atsegin dituztela, Britainia Handiko Durham Unibertsitateko Anne Campell ikertzaileak esan duenez.
Ikerketa burutzeko hiru hilabeteko 60 haur hartu zituzten. Ume hauei jantzirik zeuden haurren argazkiak erakutsi zizkieten beren erreakzioa aztertu ahal izateko. Besteak beste, zein argazkiri begiratzen zien lehenik, zenbat denbora pasatzen zuten argazki bakoitzari begira eta abar jakin nahi omen zuten. Esaterako, kamioi, panpin eta bost urteko haurren argazkiak erakustean, oso interes gutxi erakutsi omen zuten. Ikertzaileen harridurarako, ordea, hiru hilabeteko mutilek interes berezia erakutsi zuten beren adineko mutilen argazkiak erakustean. Neskek, aldiz, ez zuten interes berezirik erakutsi sexu jakin batekiko.
Ikertzaile britainiarrek ez dakite zer dela eta egiten duten bereizketa hori, baina jaioberritan mutilek duten testosterona-mailaren emendioa aipatu da hipotesi-modura.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia