}

Mutrikuko amonite erraldoien historia argitzen ari da EHU

2021/05/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia | Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

40 urte luzez Mutrikun amonite erraldoiak biltzen aritu ondoren, Jesus Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga Larzanguren bikotearen fosilak EHUra iritsi dira. Mutrikuko amonite erraldoien misterioa argitzen duten hipotesiak lantzen ari dira EHUko paleontologoak.

mutrikuko-amonite-erraldoien-historia-argitzen-ari
Mutriku inguruko labarretan azaleratu diren amonite erraldoiak. Arg. Maria Otamendi/Geoparkea

Asier Hilario Orús, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zuzendari zientifikoa, pozik azaldu da ikerketarekin. Amoniteak ikusgarriak dira: normalean izaten duten 4 cm-ko diametroaren aldean, 30-50 cm-koa dute Mutrikukoek. Hainbat hamarkadaz amonite erraldoiak biltzen aritu dira Narvaez eta Azkarraga, Saturraran eta Mutriku arteko labarretan, eta fosil horiei esker jakin dute zientzialariek, inguru hartan eta bi milioi urtez, amonite erraldoiak sortu zirela.

 “Bilduma oso handia da, 150 fosilekoa. Baina ez genekien amonite haien historia. Zergatik dira erraldoiak inguru horretan? Ondarroan eta Deban ere badira amoniteak adin beretsuko arroketan, baina tamaina normala dute. Galdera asko genituen: zergatik erraldoitu ziren toki eta momentu horretan? Bat-batean erraldoitu ziren edo gutxinaka? Inguru hartako amonite-espezie guztiak erraldoitu ziren, edo gutxi batzuk bakarrik?”.

Jesus Narvaez Amasorrain eta Esperanza Azkarraga Larzangurenek 1975etik hona 150 amonite inguru jaso dituzte Mutriku eta Saturraran arteko labarretan. Arg. Guillermo Roa Zubia

Amonoideoetan aditua den Mikel Lopez Horgue EHUko paleontologoa eta bere lankideak aritu dira fosilak aztertzen. Lehenik, Narvaezek eta Azkaratek hartutako amonite haiek guztiak mapan kokatu behar izan zituzten, zehazki non hartu zituzten jakiteko. 40 urte eta gero, oraindik gogoratzen zuten non hartu zituzten 150 fosilak. Izan ere, lan handia hartu zuten haiek arrokatik ateratzen, eta horrek oroimenean iltzatu zituen. Askotan, fosilaren zati txiki bat besterik ez da egoten agerian; beste guztia, harriaz estalita. Beraz, egunak behar izaten zituzten handik erauzteko eta zintzelaz garbitzeko. Fosilak haitzetatik ateratzen espezializatu ziren.

“Amonite haiek guztiak mapan ez ezik, geologikoki ere kokatu behar izan zituzten. Zutabe estratigrafikoa egin zuten paleontologoek, geruzaz geruza. Amoniteak banan-banan marraztu eta zer geruzatan azaldu ziren kokatu zituzten. Horrela argitu zuten noiz hasi ziren erraldoitzen”, dio Hilariok.

Mutrikun aurkitutakoak duela 100-110 milioi urteko amoniteak dira, Behe Kretazeokoak (Albiar estaiekoak). Hortaz, amoniteen familia horren eboluzioaren amaierakoak dira. Garai hartan zer aldaketa pairatu zituzten ikertzea interesgarria da, ulertzeko gero nola eman zieten pasua beste forma batzuei, beste espezie batzuei.

Errutera joandako amonite emeak?

Arg. Maria Otamendi/Geoparkea

Oraindik ez dute argitu zergatik erraldoitu ziren Mutrikun, baina badute hipotesiren bat. “Amoniteak erraldoitzeko arrazoi bat baino gehiago egon daiteke: patologia bat azaltzea, adibidez. Hainbat moluskuetan deskribatu da har parasitoek gonadak jaten dizkietela, "eunuko" bihurtuta. Zikiratzean, erraldoitasuna gara daiteke. Baina ez da Mutrikuko amoniteen kasua, maskorren ornamentazioa ikusita, helduak direla ikusi baitugu”, dio Lopezek.

Ugalketarekin zerikusia izan dezake tamainaz handitu izana. Izan ere, amoniteak olagarro eta txipiroien ahaideak dira, koleoideoak. Gaur egungo olagarro eta txipiroiek ugal-estrategia berezi bat dute: semelparitatea. Bizitzan behin erruten dituzte arrautzak, eta hiltzen dira. Hori bai, milaka arrautza erruten dituzte une horretan. Ustez, amoniteek ere izango zuten estrategia bera ondorengoak izateko. “Mutrikuko amonite erraldoien maskorretan ikusi duguna bat dator ugalketa-sistema horrekin”, dio Lopezek. “Maskorrak tabikatuta dituzte ammoniteek eta tabike hauek zenbait gela bereizten dituzte. Azken gelan zegoen animaliaren gorputz nagusia, besoak kanpoaldera begira eta gorputzaren parte batuzk maskorraren amaiera inguratuz. Animaliaren gorputz nagusia azken gela honetan egonik, hor gertatzen zen arrautzen ekoizpena. Eta Mutrikuko amoniteen kasuan, kanpoaldeko ganbara hori oso handia da. Beraz, ugalketa eraginkorra izateko modu bat izan zitekeen erraldoitzea”.

Hainbeste handitzeko, ordea, baldintza oso onak behar izaten dira. EHUko paleontologoek badakite amoniteak azaldu diren sedimentuetan erregistratuta geratu zirela garai hartako isuri hidrotermal baten jariakinak. "Isuri hori oso egokia izan zen komunitate bakterianoak eta bibalbio-komunitateak hazteko, eta litekeena da amoniteak horietaz baliatu izana, elikatzeko eta erruteko. Beraz, errutera joandako amonite emeak izan zitezkeen Mutrikuko amonite erraldoiak. Baina oraindik hipotesi bat baino ez da”, gogoratu du Lopezek. “Ikerketa gehiago egin behar dira”.

Amoniteen amaiera

Arg. Maria Otamendi/Geoparkea

Lopezen ustez, gainera, animali espezie askotan ikusten da eboluzioan tamainaz handitzeko joera filogenetiko bat. Ornogabe zein ornodunetan. “Badakigu hasierako elefanteak gaur egungoak baino txikiagoak zirela. Eta gizakiok ere badugu joera hori. Amoniteek zergatik ez? Joera filogenetiko ohikoa izaten da handitzea, justu espeziea suntsitu aurretik. Edo handitu, bukaeran txikitu, eta suntsitu. Mutrikuko amonite-familia horretan ikusten da, Albiar osoan zehar eta mundu mailan, tamainan handitzen joan zirela, eta, hortik aurrera, txikitu eta suntsitu egin zirela. Amoniteak desagertu aurreko filogeniaren bukaera izan daiteke amoniteak erraldoitu izana”.

Hilariok, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zuzendari zientifikoak, balio handia eman die amoniteei. Eta gogorarazi du Mutrikuko amonite erraldoiak Nautilus Museoan eta haren didaktika-gela inauguratu berrian daudela ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia