Mutrikun aurkitutako bisonte-garezur ia oso bat aurkeztu dute
2011/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
18.000-19.000 urteko bisonte baten garezur ia osoa aurkitu dute Kiputz IX aztarnategian, Mutrikuko udal-barrutian. 2002. urtean aurkitu zuten garezurra Azkoitiko Munibe Taldeko kideek, eta indusketa 2004tik 2007ra egin zuten, Aranzadi Zientzia Ekartearen eta Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologiako Sailaren zuzendaritzapean. Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak Intxaurrondon duen Arkeologia- eta Paleontologia-materialen Gordailuan gordeko dute.
Leizezulo bertikala da Kiputz IX, eta tranpa bat izan zen inguru horretan bizi izan ziren animalientzat. Hala, garrantzi handiko paleontologia-aztarnategia da gaur egun: orein-lagin oparoa eman du (48 animalia), eta, batez ere, Iberiar penintsula osoan elur-oreinen (23 animalia) eta bisonteen (18 animalia) multzo handienetakoak bildu dira han. "Dudarik gabe, dena den, pieza guztietan esanguratsuena ia-ia osorik kontserbatu den estepako bisontearen ( Bison priscus ) garezurra da, penintsula osoan horrela kontserbatu den bakarra baita, bai eta Europako mendebaldeko bakarretako bat", dio Aranzadi Zientzia Elkarteko Pedro Castaños ikertzaileak. Bisonte ar bati dagokio, bi adar-muturren artean metrobete luze zuen bati. Animalia hori ez zuten ez ehizatu, ez jan; besterik gabe, kobazuloan erori eta gosez hil zen han.
Ziurrenik, egungo bisonte europarraren arbasoa izan zen bisonte-espezie hura. Biak ez dira espezie bera, dena den: oraingo espeziea baino handiagoa zen, "eta bereziki deigarria da zer adakera handia zuen. Gaur egungo bisonteek ez dute halako adakera handirik", zehaztu du Castañosek.
Gizakiekin batera bizi izan ziren, eta Paleolitoan ehiztari-taldeek sistematikoki ehizatu zituzten. Labarretako artearen protagonistetako bat ere izan zen. Bada, "Kiputzeko aztarnak animalia haiek bertan egon zirela adierazten duten benetako froga dira", nabarmendu du Xabier Murelagak.