}

Nagikeria edo opor osteko sindromea?

2009/09/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Dagoeneko astebete daramat lanean, baina oraindik kosta egiten zait hain goiz jaikitzea, eta ez dut bulegora joateko inolako gogorik izaten. Antza denez, oporretan nagitu egin naiz... Edo, agian zerbait larriagoa izango da; beharbada, opor osteko sindromea izango dut. Medikuarengana joan beharko ote dut, ea sendatzeko zerbait errezetatzen didan?

Askori absurdoa iruditu arren, aurreko lerroetan azaltzen den egoera ez da batere arraroa. Komunikabideetan ere sasoiko gaia izaten denez, izena bera gero eta ezagunagoa da, eta, horregatik bakarrik bada ere, badirudi gero eta zabalduago dagoela gizartean, alegia, gero eta ohikoagoa dela lanera itzultzeagatik ondoez psikikoa edo fisikoa izatea

Hainbat sendagilek eta kazetarik susmoa dute farmazia-industria gaixotasun bihurtzen ari dela bizitzaren egoera arrunt batzuk, sendagaiak saltzeko helburuarekin.

Hala, Espainiako Familia Medikuntzako Buru Osasuneko Taldeak ( semFYC ) iaz kaleratu zuen txosten baten arabera, helduen % 15ek izaten du opor osteko sindromea. Txostenean, baina, ez dira azaltzen beste datu jakingarri batzuk. Esaterako, lehen, zenbatek izaten zuten sindrome hori? Eta sekula oporrik ez dutenek, adibidez, etxea eta etxekoak zaintzeaz arduratzen direnek ere izaten dute? Edo langabezian daudenek?

Galdera asko egin daitezke, baina, beharbada, nagusia hau da: opor osteko sindromea gaixotasun bat da, edo, besterik gabe, une eta egoera jakin batean sentitzen den asaldura iragankor bat? Antzeko galdera egin daiteke beste egoera batzuekin ere: menopausiaren asaldurekin, erekzioaren disfuntzioekin, antsietatearekin, zango geldiezinen sindromearekin, loezinarekin, umeen hiperaktibitatearekin, osteopeniarekin, alopezia edo ilea galtzearekin, gorputzean behar baino kilo bat gehiago edo odolean kolesterol pixka bat gehixeago izatearekin...

Ikertzaile askoren kezka

Azken urteotan, auzi hori plazaratzeko ahalegina egin dute hainbat sendagilek eta kazetarik, susmoa baitute farmazia-industria gaixotasun bihurtzen ari dela bizitzaren egoera arrunt batzuk, sendagaiak saltzeko helburuarekin. Besteak beste, hor dago 2006an Jörg Blech biologo eta zientzia-kazetariak argitaratutako liburua: Inventing Disease And Pushing Pills , hau da, Asmatutako gaitzak eta pilulak edozertarako .

Liburuez gain, gaiari buruzko artikulu ugari azaldu dira aldizkari espezializatuetan, esate baterako, iaz PloS medikuntza-aldizkarian Ray Moynihan-ek idatzitakoa, Australiako Ikerketa Kontseiluaren laguntzarekin. Izenburua: " Disease mongering is now part of the global health debate" ; euskaraz, "Gaixotasunen merkantilizazioa osasunari buruzko eztabaida globalaren parte bihurtu da orain".

Moynihan osasun-gaietan espezializatutako kazetaria da, eta, artikuluan azaltzen duenez, asmatutako gaixotasunei buruzko eztabaida indartu eta hedatu egin da azkenaldian, bai gizartean bai ikertzaileen artean. Hala ere, farmazia-industriak diru pila jarraitzen du gastatzen botiken promozioan (salmentaren % 25), eta, hori horrela izanik, Moynihanek are gehiago ikertzea proposatzen du, batez ere hobeto jakiteko zer eragin duten promozio horiek kontsumitzaileen osasunean eta erabakitzeko zer egin marketin estrategien aurrean. Horretan, kontsumitzaileek eta adituek ez ezik, politikariek ere ardura handia dutela uste du Moynihanek.

Alacanteko Unibertsitateko Maria Teresa Ruiz katedradunak generoaren araberako ezberdintasunetan ere jarri du arreta, eta ondorio honetara iritsi da: joera handiagoa dago gaixotasun-kutsua emateko emakume izatearekin lotutako egoerei, bizipenei edo asaldurei, gizonezkoenei baino. Gainera, gizonezkoei zuzendutako sendagaien iragarkiak emakumezkoei zuzendutakoak baino arrazionalagoak eta objektiboagoak dira. Gaixo sentitzen garen hurrengoan kontuan izateko kontua.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia