}

Nano-utopia

2006/12/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Nanoteknologia atomoen eta molekulen eskalan lan egiten duen teknologia da, eta moda-modako gaia ere bai; datozen urteetako iraultza teknologikoen edozein zerrendatako podiumean toki bat ziurtatuta daukan horietakoa.

Marketinaren ikuspuntutik, kontzeptu ezin erakargarriagoa da: modernoa da, sofistikatua, punta-puntakoa, futurista… dena dauka alde amu perfektua izateko, eta geroz eta gehiago erabiltzen da produktuak saltzeko. Woodrow Wilson Estatu Batuetako erakundeak, esaterako, nanoteknologia erabiltzen zutela iragartzen zuten 212 produktu bildu zituen urte-hasieran argitaratutako inbentario batean, 2005ean beste azterketa batek zenbatutakoak baino bi aldiz gehiago. Inbentario horretan denetariko produktuak zeuden: produktu informatikoak, etxetresna elektrikoak, arropa, kirol-ekipamenduak, produktu kosmetikoak eta abar.

Interneten bilaketak eginda osatu zuten zerrenda, eta zenbatespen bat besterik ez da, ezinezkoa baita nanoteknologia erabiltzen duten produktu guztiak katalogatzea, hasteko, produktu horiek erregistratzeko beharrik ez dagoelako. Hala ere, inbentarioarekin bat, aditzera eman zuten etiketan egon zitekeela berrikuntza produktuetan baino gehiago; alegia, nanoteknologia goranzko balioa dela publizitatearen merkatuan, eta, horretaz jabetuta, konpainiek produktuaren ezaugarri hori nabarmentzera jo dutelako bikoiztu dela zerrenda.

Badirudi, hala ere, publizitatearen merkatuan izar iheskor izatea suertatu zaiola nanoteknologiari. Izan ere, udatik ona, izan ditzakeen arriskuen inguruko gogoetak hartu du protagonismoa erabat. Segurua da nanoteknologia osasunerako? Kalte egingo ote dio ingurumenari?

Nanoteknologiak atomoen eta molekulen eskalako partikulak erabiltzen ditu, eta txikitasun horretatik eratorritakoak dira kezka gehienak. Adibidez, kontuan izan behar da materialen propietateak aldatu egin litezkeela tamainarekin; beraz, eskala handian kaltegarria ez izatea ezin da besterik gabe ontzat eman nanoeskalan. Susmatzen da, halaber, nanopartikulek ez dutela partikula handiagoek bezala 'bidaiatzen', eta balitekeela besteentzako mugak direnak gainditzeko kapaz izatea. Adibide klasiko bat da odoletik garunera pasatzea besteentzat txikiegiak diren zirrikituetatik. Edo arnasbideetatik biriketara iritsi eta han kalteak eragitea.

Horregatik, batzuek proposatzen dute nanopartikulak konposatu erabat berriak balira bezala aztertu behar direla, eta berariaz erregulatu behar direla. Arlo horretan ia dena dago egiteko, baina sektoreko eragile guztiak lanerako gogotsu daudela dirudi. Denek nahi dute erregulatzea, segurtasuna bermatzea, izan litezkeen arriskuak neurtzeko bitartekoak garatu, ikertu eta ebaluatzea...

Nonbait, enpresak kezkatuta daude, uste baitute nanoteknologiarekiko mesfidantza gizartean zabaldu daitekeela eta horrek sektorearen garapena mugatu dezakeela. Ez dute genetikoki eraldatutako elikagaien bidea egin nahi, eta pausoak ematen ari dira sektore segurua izan dadin eta gizarteak hala har dezan.

Ildo horretan, Woodrow Wilson erakundeko adituek, ez hiru eta ez sei, hamabost urtean garatzeko proposamen bat plazaratu berri dute: nanoteknologia langileentzat, kontsumitzaileentzat eta ingurumenarentzat segurua izan dadin zer lan egin beharko liratekeen eta noizko egin beharko liratekeen zehaztu dute. Nanoteknologiak osasunean eta ingurumenean eragin ditzakeen kalteak neurtu eta aurreikusteko teknologia, ereduak eta programak garatzea da helburua. Hiru orrialdetara ekarri dute proposamena, baina paperean idatzitakoa gauzatzen bada, nanoteknologiaren iraultza ez da teknologikoa bakarrik izango. Utopia lortuko dute.

Berria egunkarian argitaratua