Nanogitarraren soinua
2003/11/05 Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako Cornell Nanofabrication Facility erakundeko talde batek, laserra erabilita, nanogitarra jotzea lortu du. Gitarraren soinua 40 megahertzera irten da, gitarra arruntetatik baino 17 zortzidun altuago.
Duela hiru urte, Cornelleko ingeniariek nanogitarra egitea lortu eta arloko aditu guztiak harritu zituzten, gailua bibrazioak emititzeko modukoa zela uste baitzuten. Baina ez zuten soinurik atera eta horrela jaso zuten komunikabideetan: "Gitarra 10 mikra luze da eta sei soketariko bakoitzak 100 atomoren lodiera du. Inork ezin du gitarra hori jo, begi hutsez ikusi ere ezin daiteke egin eta. Ekorketak egiteko gai diren mikroskopio elektronikoez baino ezin da ikusi".
Gitarra hura ezin zen ikusi, eta are gutxiago jo, baina argi frogatzen zuen gizakiak irekia zuela makina oso txikiak egiteko bidea. Hiru urte geroago, siliziozko kristal bakarretik abiatuta, ikertzaileek gitarra hura hobetu egin dute, eta jotzeko sistema ere aurkitu dute, laser-izpiak. Gitarrak ez du erabilgarritasun handirik, anekdota hutsean gera daiteke, baina makina txikiak egiteko gaitasuna badela erakusteaz gain, makina horiek erabiltzea ere badagoela ondoriozta daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia