}

Nanohodiekin egindako material gogor-gogorra

2002/10/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

1991n karbonozko nanohodiak egitea lortu zenean, karbono-zuntzen tokia hartuko zutela espero zen. Berez, molekula sinpleak dira; karbono-atomoen sare batez egindako hodi zilindriko ñimiñoak besterik ez dira, nanometro (milimetro baten milioirena) gutxi batzuetako zabalera eta ehunka nanometroko luzerakoak. Baina ohiko karbono-zuntzak baino askoz ere gogorragoak eta sendoagoak dira.

Industrian erabiltzerako, ordea, arazo bat konpondu beharra dago: oso zaila da zuntzezko materialetan txertatzea. Nanohodiak polimeroekin nahasten direnean, pilatu egiten dira, eta materiala ezin da erabili. Nanohodi gutxi gehitzen badira, berriz, konposatua ahulegia da.

Orain, AEBetako Oklahoma Estatu Unibertsitatean irtenbidea aurkitu dute. Nature aldizkarian argitaratutako lanaren arabera, nanohodiekin material gogor-gogorra egitea lortu du Nicholas Kotov-ek zuzentzen duen nazioarteko taldeak. Diotenez, karbono-zuntza bezain arina baina hura baino sei aldiz sendoagoa da, eta ingeniaritzan erabiltzen diren material zeramiko gogorrak bezain erresistentea.

Material hori lortzeko, molekula bakarreko nanohodien geruzak bata bestearen gainean jarritako geruza polimerikoekin tartekatu dituzte. Horretarako, txandaka, nanohodiak sakabanatuta dituen uretan eta polimeroen disoluzio batean sartu dute materiala; hartara, nanohodien edo polimeroen geruzak itsasten dira azalean.

Materiala are gogorragoa bihurtzeko, talde kimikoak itsatsi dizkiete nanohodiei; horrela loturak sortzen dira materiala berotutakoan edo kimikoki tratatutakoan. Prozesu hori geruza bakoitza gehitzean egiten bada, osagaiek hiru dimentsioko sare gogor-gogorra osatzen dute.

Azkenean, materialaren % 50 nanohodiak dira. Azterketen arabera, silizio karburoa eta tantalo karburoa bezain gogorra da. Kontuan hartu behar da material horiekin egiten direla ebakitzeko tresna erresistenteenak eta erreakziozko motorrak, besteak beste. Murgilketaren metodoa nekosoa baina merkea da; beraz, industrian erabiltzeko modukoa da. Alabaina, karbonozko nanohodiak oso garestiak dira oraindik, eta horiek merkatzeko lanean ari dira orain ikertzaileak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia