Nanohodiz egindako garraiatzailea
2008/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nanoteknologiaren helburu garrantzitsuenetako bat da eskala nanometrikoan garraiatzeko gai diren tresnak erabiltzea. Bartzelonako Mikroelektronikako Zentro Nazionaleko ikertzaile batzuek lortu dute, lehenengo aldiz, 300 nanometro luze den nanohodi batean nanohodi txikiago bat nahi bezala higiaraztea.
Karbonozko nanohodiak erabili zituzten tresna berezi hori egiteko. Hain zuzen, bata bestearen barruan sartuta dauden bi hodiz egindako tresna bat da, eta kanpokoena barrukoenaren gainean irristatzea lortu zuten. Errailaren funtzioa betetzen zuen nanohodiaren mutur banatan metalezko plataforma bat jarri zuten, eta elektrizitatea igaroarazi zuten. Ikusi zuten garraiagailu-funtzioa zuen hodia hurbilen zuen plataformarantz mugitu zela.
Mugimendua zerk eragiten duen aztertu, eta ondorioztatu zuten korronteak tresnari ematen dion berotasuna dela eragilea. Korronteak hodia berotzen du, eta hodiak muturretako plataformen bidez xahutzen du bero hori. Hala, hodiaren erdialdea muturrak baino beroago dago, eta bero-gradiente bat eratzen da. Gradiente horrek astinaldiak eragiten ditu hodian, eta astinaldiek mugiarazten dute hodi garraiatzailea hurbilen duen muturrerantz. Mutur batetik lotuta dagoen soka batean aro bat sartuko bagenu efektu bera lortuko genuke, soka astinduz gero: barruan duen aroa beste muturrerantz abiatuko litzateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia