Nanoteknologia elikagaietan, aztergai
2010/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Segurtasunean eta araudian asko dagoela egiteko ondorioztatu dute adituek
Nanomaterialen segurtasuna eta araudia izan dira ardatzak, IFT Elikagai Teknologiaren Institutuak nanoteknologiari buruz egin duen azkeneko kongresuan.
IFT institutu estatubatuarra erreferentziazkoa da nazioartean, eta urtero egiten duen kongresuak eragin handia izaten du elikagai-industrian. Bada, nanoteknologiari buruzko kongresu horretan, beste alderdi batzuk ere aztertu zituzten, hala nola nanoteknologiak elikagai-industrian dituen aukerak eta ikerketan egiten diren inbertsioak. Kongresuaren ondoren institutuak argitaratu duen aldizkarian, baina, bi alderdi horiek nabarmendu dituzte: segurtasuna eta erregulazioa.
Hala, segurtasunaren eta arriskuen gainean egindako hitzaldi bat aipatu dute artikuluan. Cantox Osasun Zientzien Erakundeko Bernadene Maguson zen hizlaria, eta, haren esanean, arlo horretan egin diren ikerketa gehienak "eskasak" dira.
Elikagaien zientzian, legedian eta aholkularitzan espezializatutako nazioarteko erakunde bat da Cantox, eta elikagaien industrian nanoproduktuen toxikotasuna neurtzeko egin diren 30 ikerketa aztertu ditu. Magusonek ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen, eta, haren iritziz, ikerketa gehienek ez dituzte behar adina datu ematen, batez ere ikertutako nanomaterialaren ezaugarriei buruz.
Horrez gain, ikerketa batzuk laburregiak dira, edo hutsuneak dituzte metodologiaren funtsezko pauso batzuetan. Horrenbestez, Magusonek uste du, emaitzak fidagarritzat jo ahal izateko, ikertutako nanomaterialen izaera eta ezaugarriak xeheago azaldu beharko liratekeela ikerketa-lanetan. Gainera, ikerketak berak hobeto diseinatu beharko lirateke, bai eta denbora gehiago iraun ere.
Stefan Weigel Herbeheretako Elikagai Segurtasun Institutuko ikertzaileak, berriz, konposatu horiek ikertzeko dauden zailtasunak azpimarratu zituen. Izan ere, nanoteknologiaren bidezko konposatuak era askotakoak dira, neurriz, hedapenez, ezaugarri kimikoz zein jardueraz. Hori dela eta, ez da erraza guztientzat baliagarriak diren ikerketa-protokoloak sortzea, ezta elkarren artean alderatzeko moduko emaitzak ematen dituztenak ere.
Araudiak ere, auzitan
Nolanahi ere, Munduko Osasun Erakundea ere arduratu da auziaz, eta iaz argitaratu zuen nazioarteko adituen lana biltzen zuen txostena. Haren arabera, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak elikagai-arriskuei buruz duen araudia egokia da nanoteknologian oinarritutako elikagaientzat. Hala eta guztiz ere, txostenean aitortu dute ikerketa sakonagoak behar direla zenbait alderditan, eta horien artean daude segurtasuna eta hura bermatzeko hartu beharreko neurriak.
Araudiak, gainera, nahiko mugatuak dira oraindik. Adibidez, Europako Batasunean ez dago araututa etiketan nola azaldu behar diren nanomaterialak, ezta azaldu behar ote duten ere. Alegia, elikagai batek halako osagaiak baditu, ez du etiketan adierazi beharrik. Berez, eztabaidatzen ari dira gai hori, baina ez da erabakitzen erraza, nanoteknologia zer den ere ez baita modu berean definitzen leku guztietan.
Dena den, gaiak lehentasuna du nanoteknologian inbertitu dutenentzat, ez baitituzte galdu nahi industriaren interesa eta kontsumitzaileen konfiantza. Beraz, oso litekeena da laster pausoak ematea segurtasuna bermatzeko eta araudi sendoak sortzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia