}

Nanoteknologia platerean

2007/01/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nanoteknologia boladan dago. Hastapenetan badago ere, dagoeneko arlo askotan erabiltzen da, edo, gutxienez, arlo askotan ari dira probatzen: informatikan, telekomunikazioetan, energian, medikuntzan, ehungintzan, kosmetikan... eta baita elikagai-industrian ere. Txikitasunaren teknologiari esker, elikagai seguruagoak, osasungarriagoak eta zaporetsuagoak egiteko asmoa dute ikertzaileek.
Nanoeskalan, materialek ohiz kanpoko ezaugarriak dituzte.

Nanoteknologiak produktu eta prozesu berriak sortzen ditu, 0,1-100 nanometro neurtzen duten materialak erabilita. Nanometro bat milimetro bat baino milioi bat aldiz txikiagoa dela kontuan hartuta, ez da harritzekoa ñimiñotasunaren zientzia deitzea nanoteknologiari. Egin kontu: ile baten diametroa, gutxi gorabehera, 80.000 nanometrokoa da.

Nanomaterialen berezitasun bakarra, ordea, ez da txikitasuna; neurri horretan, materialek bestelako ezaugarriak dituzte, eskala handiagoan dituztenetatik desberdinak. Eta horrek egiten ditu hain interesgarri ikertzaileentzat; izan ere, maila horretan, materialak gogorragoak edo eroaleagoak dira, edo hobeto transferitzen dute beroa, edo argia xurgatzeko ahalmen handiagoa dute...

Ezaugarri horietaz baliatuta, ikertzaileek nanokonpositeak egin dituzte eraikuntzako materialetan aplikatzeko, nanokristalak eguzki-paneletan eta erdieroaleetan erabiltzeko, nanopartikulak zikintzen ez diren ehunetarako eta eguzkitik babesteko kremetarako, nanohodiak tenis-erraketak egiteko, eta nanokatalizatzaileak botika berriak garatzeko.

Aplikazio ugari elikagai-industrian

Nanoteknologia janariei itxura, zapore eta egitura bereziak emateko erabil daiteke.

Elikagai-industrian, hainbat alderditan erabil daiteke nanoteknologia. Helburuetako bat da prozesuen eraginkortasuna areagotzea; hartara, energia, ur eta gai kimiko gutxiago erabili beharko litzateke, eta hondakin gutxiago sortuko lirateke.

Horrez gain, ikertzaileek uste dute nanoteknologiak aplikazio interesgarriak izango dituela ontzietan, elikagaien segurtasunean, eta janarien ezaugarri sentsorialetan (kolorea, zaporea, egitura) zein funtzionaletan (nutrizioarekin eta behar bereziekin lotuta).

Adibideak badaude. Esaterako, ontzi adimendunak garatzen ari dira, lehengaiei jarraipen osoa egiteko. Alegia, baserritik edo haztegitik platerera egiten duen bide osoa erregistratuta geldituko litzateke ontzian bertan. Hartara, arazoren bat egonez gero, erraza izango litzateke atzera egitea eta akatsa non gertatu den jakitea.

Ontzi gogorragoak, beroarekiko edo argiarekiko erresistenteagoak, arinagoak edo malguagoak egiteko ere balio dezake nanoteknologiak. Horri esker, janariak ondo babestuta egongo lirateke, eta denbora gehiago iraungo lukete. Gainera, ontzian mikroorganismoen aurkako nanopartikulak erabilita, elikagaiak seguruagoak izango lirateke. Nanopartikula horiek janariak prestatzeko erabiltzen den tresnerian ere erabil daitezke.

Aurrerago, nanosentsoreak ere egin nahi dituzte, esaterako, janaria hondatzen hasitakoan sortzen diren molekulak detektatzeko, eta kontsumitzaileari horren berri emateko, adibidez, ontziaren kolorea aldatuz.

Janari berezi-bereziak

Nanoteknologia gero eta arlo gehiagotara zabaltzen ari da.

Ontzietan ez ezik, janarietan ere erabil daiteke nanoteknologia, produktu berriak egiteko. Nanokapsuletan, nahi den zaporeko molekulak edo sendagaiak sar daitezke; nanokapsula horiek une jakin batean desegingo lirateke, eta, orduan, barrukoa askatuko lukete.

Epe luzera, ikertzaileek uste dute posible izango dela pertsona bakoitzari egokitutako janariak egitea. Nanosentsoreek kontsumitzailearen beharrak eta berezitasunak detektatuko lituzkete, eta nanokapsulek komeni zaizkion konposatuak bakarrik utziko lizkiokete eskuragai.

Zientzia-fikzioa dirudien arren, egia bihurtzeko bidean da. Mokadutxo bat nahi?

Deia-n argitaratua.