}

NASA Eguzkiaren sekretuen bila

2001/06/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Datozen asteetan NASAk hainbat egitasmo jarriko ditu martxan Eguzkia-Lurra sistema hobeto ezagutzeko asmoz.

Aurreikusita zegoenaren arabera, bihar bertan espazioratu behar zuten horietako lehenengoa: HESSI (High Energy Solar Spectroscopic Imager) satelitea. Baina joan den astean X-43A hegazkinarekin egindako proban izandako porrotaren ondorioz, jaurtiketa uztailaren 12ra atzeratu dute, biek ere Pegasus koheteak erabiltzen zituztelako lehen etapan.

HESSI satelitearen eginkizuna X izpi bidez Eguzkiaren atmosferan gertatzen diren leherketak aztertzea da. Horretarako, 600 km-ko altitudean eta ekuatorearekiko 38°-ko inklinazioarekin orbitatuko du Lurraren inguruan. Sateliteak leherketa gertatzen den tokiari eta erradiazioaren eduki energetikoari buruzko datuak batera bilduko ditu. Horri esker, leherketak noiz gertatuko diren eta Lurrean izango duten eragina iragarri ahal izango da. Izan ere, leherketek igorritako erradiazioa askotan Lurreraino iristen da, eta erradiazio horrek sateliteei, komunikabideei eta astronauten osasunari eragiten die.

Bestalde, uztailaren 30ean Genesis zunda Eguzkirantz bideratzeko asmoa dute, jaurtiketa hasiera batean 2001eko urtarrilerako aurreikusi zuten arren. Gene sis egitasmoan enpresa eta laborategi pribatuek ere hartu dute parte eta helburua Eguzkiaren osaketa hobeto ezagutzea da.

Eguzki-haizean dauden oxigenoaren, nitrogenoaren, gas nobleen eta beste elementuen laginak bildu eta Lurrera ekartzea da zundaren eginkizuna. Hori egiteko siliziozko biltzaile berezi batzuk ditu kapsula batean. 2004an Lurrera itzultzean, kapsularen abiadura paraxuten bidez txikiagotuko da; horrela, helikopteroek edo hegazkinek airean hartu ahal izango dute.

Zundak orbitatzeko toki egokia aukeratzea ere garrantzi handikoa zen. Eguzki-haizearen partikulek karga elektrikoa dutenez, Lurraren magnestosferak ezkutu batek bezala jokatzen du. Horregatik, Lurraren eta Eguzkiaren grabitateak orekatzen diren puntua aukeratu dute, han magnetosferaren eragina ez delako jasaten eta etengabe Eguzkira zuzenduta egotea posible delako. Puntu horri Lagrange-1 deitzen zaio, Lurretik 1,5 milioi kilometrora dago eta bertan dago SOHO eguzki-behategia ere.

Azkenik, abuztuaren 10an TIMED (Thermosphere, Ionosphere, Mesosphere, Energetics and Dinamics) satelitea jaurtiko dute. Sateliteak 60-180 km-ko altitudean dagoen atmosfera-zatia aztertzeko tresneria du. Hain zuzen ere, mesosfera eta behe-termosfera/ionosfera artean dagoen zati hori da atmosferako ezezagunena. Satelitea NASAren Solar Terrestrial Probes egitasmoaren lehen misioa da eta Lurrean ezarritako beste tresna batzuekin batera egingo du lan. Egitasmo horrekin NASAk Eguzkia Lurretik aztertu nahi du, gastuak murrizteko eta Eguzkia-Lurra sistema hobeto ezagutzeko.

TIMED satelitearekin batera, NASAk eta Frantziako CNESek elkarrekin egindako Jason-1 satelitea jaurtiko dute. Ozeanoen datu topografikoak biltzea eta El Niño bezalako fenomenoak aztertzea da satelite horren helburua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia