NASAk bere "seme galduetako" bat berreskuratu du
2001/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Joan den urteko abuztutik, Pioneer 10 -en berri duten lehenengo aldia da, beraz, NASAkoak asko poztu dira. Nonbait, iazko udatik transmisio ulergaitza besterik ez zuten jasotzen. Azkenean, Pioneer 10 -en seinalea jaso zain egon beharrean, hari seinale bat bidaltzea erabaki zuten. Eta hala egin zuten. Seinalea espazio-ontzira iritsi zen eta hark igorritakoa Madrilen jaso zen.
Pioneer 10 1972ko martxoaren 2an bidali zuten eguzki-sistematik kanpo. Orain Lurretik 13 mila milioi kilometro inguruan orbitatzen du eta hori izan zen asteroide-gerrikotik pasa zen lehenengo espazio-ontzia, baita Jupiterren hurbileko irudiak lortu zituen lehena ere. Jupiterren ingurutik pasatzean, horren kanpo magnetikoa aztertu zuen eta planeta hori batez ere likidoa zela ikusi zuten.
Jupiter behatu ondoren, eguzki-sistemako urruneko eremuak esploratu zituen eta Eguzkiko energia-partikulak eta Esne-bideko gure zatian sartzen diren uhin kosmikoak aztertu zituen. 1983an, Plutongo orbitatik harantzago joan zenean, eguzki-sistematik irteten zen gizakiak egindako lehenengo objektua izan zen. 1997ko martxoaren 31n bukatu zituen bere ikerketa zientifikoak eta orduan 10 mila milioi kilometrora zegoen. Handik bidalitako seinaleak 9 ordu eta 43 minutu behar zituen Lurrera iristeko.
Pioneer 10 ezaguna da urrezko plaka bat daramalako gizon eta emakume banan irudiekin eta Lurrari buruzko borondate oneko informazioarekin. Orain dagoen tokitik, seinaleak 21 ordu eta 45 minutu behar ditu Lurrera iristeko.
Pioneer 10 espazio-ontziari buruz gehiago jakiteko egin klik NASAren orri honetan
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia