}

NASAren zunda bat Eguzkiaren koroan barneratu da, lehenengo aldiz

2021/12/16 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nasaren-zunda-bat-eguzkiaren-koroan-barneratu-da-l
Parker Solar Probe zunda, Eguzkiaren koroan sartzen. Arg. NASAren ilustrazioa

Duela 60 urte amestutako helburua lortu du 2021ean NASAk: 2018an jaurtitako Parker Solar Probe zunda Eguzkiaren koroan barneratu da lehenengo aldiz. Alegia, kanpo-atmosferan sartu da.

“Zundak Eguzkia ukitu du”, adierazi du Thomas Zurbuchen NASAko zientzialariak. Eguzkitik gero eta gertuago zegoen zunda, eta apirilean konturatu ziren koroan sartu zela. Koroan bost orduz egon zela adierazi dute. Denbora horretan, Eguzkiaren partikulak eta eremu magnetikoa aztertzeko laginak hartu ditu. Aste honetan argitaratu dute Physical Review Letters aldizkarian.

NASAk espero du eskuratutako informazioak balioko duela izarrak gure Eguzki-sisteman duen eragina hobeto ulertu ahal izateko. Besteak beste, astrotik ateratzen den eguzki-haizeaz eta Eguzki-sisteman jaurtitzen dituen partikula energetikoei buruz.

Tenperatura ikaragarriak

Eguzkiaren koroa izarraren azala bera baino askoz ere beroagoa da. Koroak 1.000.000 ºK-ko tenperatura du punturik beroenean, eta azalak 6.000 ºK besterik ez. Era guztietara, izarraren azala ez da solidoa, Lurrarena bezala. NASAko ikertzaileen arabera, litekeena da 2024an Eguzkiaren azaletik Merkurio bera baino gertuago pasatzea Parker zunda. Hala ere, zundaren barruan ez da tenperatura igoko, eta instrumentuek normaltasunez funtzionatu ahal izango dute, dena ondo bidean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia