}

Natura hondakin nuklearren biltegi

2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hainbat geologo uranio-hobi natural baten bilakaera aztertzen ari da, hondakin nuklearrak kudeatzeko modua aurkituko dutelakoan. Aztertzen ari diren hobia AEBetako uranio-hobirik aberatsenetakoa da eta Virginia estatuan dago, Coles Hill-en. Duela hogeita hamar urte aurkitu bazuten ere, orain arte itxita egon da. Hobi horren egoera oso bitxia da.

Lurrazpiko ura 11 metro inguruko sakoneran dago; ohe harritsua, ostera, 20 metro inguruko sakoneran. Hala ere, hobiko uranioak ehunka mila urte iraun ditu bertan, ingurura hedatu barik. Fenomeno hori da, hain zuzen ere, geologoek aztertu nahi dutena, normalean uranioa oso barreiatua egoten baita. Naturak, nolabait, uranioa hobian mantentzeko sistema garatu du. Geologoen ustez, mineralen bat da (fosforoa, ziurrenik) uranioa ingurura zabaltzea eragotzi duena.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia