Naturaren amaierari aurre egin al diezaiokegu?
2001/10/14 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Edward O. Wilson biologoa izan zen konferentziako zuzendaria. Duela urtebete, Biodibertsitate- Zientzia Aplikatuetarako Zentroak (BZAZ) antolatutako konferentziaren fruitua da "Naturaren amaierari aurre egin diezaiokegu?" deituriko txostena. Lan hori urriaren 19an aurkeztuko da ofizialki Portland-en (Oregon) Ingurumen Kazetarien Elkartearen urteko batzarrean.
Txostena izenpetu duten 33 zientzialarik, ikuspegi zientifikotik eta praktikotik begiratuta, oraindik dibertsitate biologikoa babestu eta Lurraren ‘osasuna’ zaintzea posible dela diote. Horretarako, berriz ere, bakoitzak bere esku dagoena egitea beharrezko dela azpimarratzen dute, baina ez hori bakarrik. Gobernuak eta industria-sektorea inplikatzeko plangintza ere diseinatu dute. Orotara, 50 neurri proposatu dituzte.
Bilduma hori osatzeko zientzialariak sei lan-taldetan banatu ziren, eta talde bakoitzak ingurumenaren arazo globalaren atal bat landu du. Izan ere, biodibertsitatearen arazoa mundu mailakoa izateaz gain, oso konplexua ere bada, eta proposamen zehatzak egiteko biderik zuzenena lana banatzea zen.
Lehen lan-taldeak Amazoniako, Kongoko eta Papua Ginea Berriko oihan tropikal basatiak aztertu ditu, bigarrenak gune beroak deiturikoak eta hirugarrenak eta laugarrenak ur gezaren inguruko arazoa. Ingurumenak jasaten dituen aldaketen giza erantzuleak zehazteaz bosgarren taldea arduratu da eta, azkena, ekosistemek eskaintzen dituzten ‘zerbitzuak’ zehazteaz.
BZAZko zuzendari Gustavo Fonseca-ren esanean, "txosten hori da biodibertsitatearen arazoari aurre egiteko ikuspuntu zientifiko eta praktikoa kontuan hartuz egiten den lehena eta ez dugu zalantzarik egiten iradokizun hauek bideragarriak izateaz gain zentzuzkoa ere badirela".
Dirua ongi kudeatzean dago koska
Txostenaren egileetako bat den Russell A. Mittermeier hitzetan, "konferentzian zehaztutako helburuak anbizio handikoak dira, baina ez dugu lor daitezkeenik zalantzan jarri". Gainera, ohartarazten du, helburu horiek lortu ezean, ‘puntu beroetako’ biodibertsitatearen galera ikaragarriak eta berreskuraezinak izango direla eta, ondorioz, gizakion bizi-kalitatea ere pobretu egingo dela.
Anbizio handiko asmoa gauzatzeko 30.000 milioi dolar beharko liratekeela kalkulatzen da. Asko, bai, baina beti ere Estatu Batuetako familiei urteko zergetan itzultzen zaien dirua (40.000 milioi) baino gutxiago. Beste adibide bat ematearren, Stuart L. Pimm adituak honakoa dio: "Arrantza-industriak 50.000 milioi dolarretako etekina ateratzen du- urtero, baina zergetatik arrantza-flota mantentzeko 100.000 milioi dolar bideratz-en dira". Beraz, 30.000 milioi dolar asko izanagatik ere, beranduegi izan baino lehen, pausoa eman beharra dagoela azpimarratzen dute.
Txostenak zehazten duenez, 25.000 milioi dolar 25 gune beroak babesteko erabili beharko lirateke. 25 gune horietan munduko biodibertsitatearen zati handia dago, eta bertako espezie asko ez dago beste inon edo/eta desagertzeko arriskuan dago. 25 gune bero horiek (itsasoa kontuan hartu gabe) Lurraren % 1,4 soilik hartzen dute, baina lurreko espezien % 60 bizi da bertan. Gainerako 5.000 milioi dolarrak oihan tropikal basatienak eta itsasoko erreserbak babesteko erabiliko lirateke.
Babeserako hartu beharreko neurriak
Txostenaren helburua mundu mailako arazoari aurre egiteko neurri bereko irtenbideak proposatzea da, eta ulertzekoa denez, aditu adina proposamen plazaratu zen konferentzian. Izan ere, biodibertsitateari munduko bazter guztietan erasotzen zaio eta, beraz, ikuspuntu desberdinak daude nola babestu proposatzean.
Hala ere, sei lan-taldeek iritziak kontrastatu ondoren 50 proposameneko txostena idaztea lortu dute. Ideia berri nagusia gune bero bakoitzean Biodibertsitatearen Kontserbaziorako Zentro bat sortzea izan da. Zentroaren eginbeharra eskualdeko ekosistema ikertu eta belaunaldi berrietako ikertzaileak trebatzea izango litzateke. Urteko milioi bat dolarreko gastua izango luke zentro bakoitzak. Hau da, lehen helburu hori lortzeko urtean 25 milioi dolar gastatuko lirateke.
Mittermeieren iritziz "ideia ez da batere surrealista, baldin eta industria-sektorea inplikatzea lortzen badugu. Biodibertsitatean orain arte inbertitzen duguna baino gehiago inbertitu ezean, ez dugu inoiz arrakastarik lortuko. Horregatik, sektore pribatuarekin lan egiteko apustua egin nahi dugu, eta itxaropen handia dugu. Izan ere, orain arte maila horretan egindako lana ere inoiz baino zabalagoa izan da eta jadanik enpresa batzuek diru franko eman dute".
Hala ere, konferentzian gobernuen erantzukizuna ez da alboratu, eta gobernuek biodibertsitatearen mesederako erabakiak har ditzaten, beharrezkotzat jo dute, lehenik eta behin, ingurumena babestean irabazle ateratzen direla frogatzea eta jakinaraztea. Horretarako, ekosistemek eskaintzen dituzten zerbitzuak zehaztu eta baloratu behar dira. Adibidez, uraren iragazketa, oihanen gasak xurgatzeko gaitasuna eta gaixotasunen prebentziorako kanpainak ekonomikoki zein onuragarriak diren azaltzea erabakigarria da.
Konferentzian parte hartu zuten adituek zerbitzu horiei prezio bat egokitzea proposatu dute. Adibidez, tropikoetako oihanek karbono dioxidoa xurgatzen dute, eta, beraz, zerbitzu horri balio ekonomiko bat zehaztu behar zaio. Karbono dioxidoaren emisioen kuotak salerosten diren bezala, oihan horien balio ekonomikoari, gasak xurgatzeko gaitasuna ere gehitu beharko litzaioke. Horrela, oihanen balioa ez litzateke zuraren industriak finkatzen duena soilik izango.
Baina denbora aurrera doa, eta horrelako planak diseinatu bezain laster jarri behar dira martxan, aztertzen denbora gehiegi pasaz gero, beranduegi izan bailiteke. Mittermeieren esanean, "guzti hori orain egiten ez badugu... heldu den hamarkada baino lehen munduko aberastasunaren zati handi bat mendearen erdi aldera baino lehen galduko dugu".
Oihan-galerak handia izaten jarraitzen du
Azken datuen arabera, 90eko hamarkadan oihanek aurrekoan baino gutxiago kalte gehiago jasan dute. Azken hamar urteetan 94 milioi hektarea oihan suntsitu dira. Hau da, 80ko hamarkadan baino 16 milioi hektarea gutxiago, baina FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundea) kalkulatutakoa baino 4 milioi hektarea gehiago. Hortaz, datu horrekk baikorrenei eta ezkorrenei, biei, eman die zer esana. Lehenek datu horrek itxaropentsua dela diote eta bigarrenek, berriz, oraindik ere kalte handiegia egiten dela deritze.
Hala ere, datu hori interpretatzean, kontu handia izan behar da. Izan ere, 90eko hamarkadan, urteko batez besteko galera 9,4 milioi hektareakoa izan dela esaten da, baina datu hori urtero desegiten diren 14,6 milioi hektarearen eta landatzen diren 5,2 hektarearen arteko diferentzia da. Eta oihanen % 95 oihan naturalak direla jakinik, oihan naturalen galera 9,4 milioi hektareatik baino 14,6 hektareatik hurbilago dago.
Mundu osoko oihanen azalera 3.870 milioi hektareako da. FAOk jakinarazi duenez, herrialde aberatsenetan oihanen egoera egonkortu egin da, baina garapen bidean dauden herrialdeetan okertzen ari da. Egoera oso larria da Brasil, Argentina, Indonesia, Birmania, Mexiko eta Afrikako hainbat herrialdetan, hala nola, Kongo, Nigeria, Sudan, Zambia eta Zimbabwen.
Gainera, herrialde askotan egoerak auzokoaren kaltetan egiten du onera. FAOk Txinaren jokamoldea salatzen du zuzenean, bere lurraldean oihaneztatzea bultzatzen badu ere, bere beharrak asetzeko Vietnam, Laos edo Birmaniako erreserbak ustiatzen dituelako.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia