Naturaren diseinuak mikrotubuluetan idatzita
2006/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Brown Unibertsitateko ikertzaile-talde batek zelulak ikertu ditu, bizidunen formak eta marrazkiak nola sortzen diren argitu nahian, eta soluzioaren zantzu bat aurkitu dute. Haien ustez, zeluletako proteina batzuek, mikrotubuluek, hartzen dute parte formak eratzeko prozesuetan.
Erreakzio kimiko batzuei esker, mikrotubuluek zuntz luzeak osatzen dituzte, eta aldamio-lana egiten dute zelula barruan: egiturari eusten diote, flageloak eratzen dituzte eta abar. Bada, era berean, eskala handiagoan ere eragiten dute, eta bizidunen formak osatzen laguntzen dute. Brown Unibertsitatean aurkitu dute nola: erreakzio kimikoek ez ezik, kanpoko faktore fisiko batzuek ere eragiten dute mikrotubuluen itxuran, besteak beste, eremu magnetikoak eta beroaren transmisioak. Eragin horiek guztiak konbinatuta --kimikoak zein fisikoak--, sortzen ditu naturak formak. Eta guztiz ulertzen ez badituzte ere, ikerketa gehiago egiteko bidean daude ikertzaileak.