Neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komuna aurkitu ezinik
2013/10/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komuna zein izan zen jakiteko, erregistro fosileko hortzetara jo du nazioarteko ikertzaile-talde batek, eta PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluaren izenburuak garbi asko adierazten du zein izan den emaitza: “No known hominin species matches the expected dental morphology of the last common ancestor of Neanderthals and modern humans"; hau da, ezagutzen diren hominido-espezie batek berak ere ez du bat egiten neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komunak izango lukeen hortz-morfologiarekin. Gainera, emaitzek aditzera ematen dute arbaso komun hori uste baino zaharragoa izan daitekeela: duela milioi bat urtekoa, eta, ez, analisi genetikoan oinarritutako teknikek iradokitzen dutenez, duela 450.000 urtekoa.
Ikertzaile-taldeak 13 hominido-espezieren 1.200 hortz aztertu ditu ondorio horretara iristeko, eta, analisi-teknika kuantitatiboak baliatu eta proposatu dituzte giza espezieen filogenia egiaztatzeko. Aztertutakoen artean daude Australophitecus, Paranthropus eta Homo generoko espezieak, Afrikan eta Europan bizi izan zirenak, tartean, Atapuercan aurkitutako Homo antecessor espeziea, aurkitu zenean, arbaso komun izatera deitua. Hain zuzen, laginetako asko Atapuercako aztarnategian bildutakoak dira.
Ikerketak bi zati nagusi izan ditu. Alde batetik, kalkulatu dute nolakoak izango liratekeen neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komunaren hortzak, ezagutzen diren giza espezien hortzen ezaugarrietan, eta, espezien arteko erlazio filogenetikoetan oinarrituta. Bestetik, hortz teoriko horiek ezagutzen diren hortz fosilekin alderatu dituzte, ikusteko espezieren bat hautagai egokia ote zen neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komuna izateko. Ez da hala gertatu.
Taldeko kideetako bat George Washingtongo Unibertsitateko Aida Gomez-Robles paleoantropologoa da, eta, haren esanean, “metodologia honen indargune nagusia da tresna objektibo bat dela espezie fosilen posizio filogenetikoei buruzko hipotesiak ebaluatzeko”. Izan ere, “gehiegitan”, hipotesi horiek kuantifikatu eta ezeztatu ezin diren azterketa deskriptiboetan oinarrituta egoten dira, eta ez analisi kuantitatiboetan. “Gure lanak, aldiz, aukera ematen du, ez bakarrik kalkulatzeko arbasoen zer forma den probableena, baizik eta zehazteko zein espezie diren bateraezinak arbaso posizio horrekin”, zehaztu du Gomez-Roblesek.
Ereduak eraikitzen
Ikerketan erabilitako metodologia bera ez da berria. Morfometria geometrikoa oso ohikoa da biologia ebolutiboaren arloan, eta geroz eta gehiago erabiltzen da giza eboluzioa ikertzeko, deskribapen morfologiko klasikoagoak erabiliz eskuratu ezin den informazioa ematen duelako. Kasu honetan, aurreko haginen forma analizatzeko erabili dute metodologia kuantitatibo hori. Bestalde, arbasoen formak berreraikitzeko metodologiak ere 1990eko hamarkadatik erabiltzen dira. “Metodologikoki, guk egindako lanaren ekarpen nagusia izan da bi osagai horiek batera erabiltzea, eta kalkulatutako arbasoen formak konparatzea erregistro fosilean jasotako egiazko espeziekin; horrela, azkenok arbaso izateko probabilitatea zein den kalkulatzeko modu bat dugu”, azaldu du Gomez-Roblesek.
Gomez-Roblesek, eta harekin batera Giza Eboluzioaren Espainiako Ikerketa Zentroko (CENIEH) Jose Maria Bermudez de Castrok, Juan Luis Arsuagak eta Eudald Carbonellek, eta Indiana Unibertsitateko David Pollyk, oso marko zabala erabili dute konparazioa egiteko, baina, aldi berean, oso zuhur jokatu dute espezieak aukeratzeko: “Gure metodoa abiapuntuko filogenia batean oinarritzen da —dio Gomez-Roblesek— aldamio gisa erabiltzen duguna arbasoen posizioak berreraikitzeko, eta hominidoen arteko erlazio filogenetikoak oso eztabaidatuak direnez gero, posizio onartuena duten espezieak bakarrik sartu ditugu hor; aldiz, posizio filogenetiko eztabaidatuagoa duten espezieak, arbaso izateko hautagai gisa aztertu ditugu”. Horrela lan eginda, espezieen eta arbaso komunen datazioan bereizten diren 12 eszenatoki filogenetiko aztertu dituzte. Gomez-Roblesen arabera, horrek aukera ematen du giza eboluzioaren hipotesi desberdinak konparatzeko: ez bakarrik zer den posible eta zer ez, baizik eta zein hipotesi den zein baino probableago.
Hala ere, ohartarazi du Gomez-Roblesek, “azkenik hominidoen filogenia erreala artikuluan aintzat hartutako eszenatoki horiekiko erabat desberdina dela frogatuko balitz, guk behatutako bateragarritasunak eta bateraezintasunak aldatu egin litezke”. Eta berdin aukeratutako espezieen lagin gehiago gehitzeko aukera izanez gero, edo espezie berriak gehitzeko aukera izanez gero. Izan ere, “ikerketa paleontologiko guztietan bezala, erregistro fosilaren urritasuna eta heterogeneitatea muga bat dira kasu honetan ere” aitortzen du Gomez-Roblesek.
Horretan, Gomez-Roblesek ikuspegiarekin bat dator Parisko Historia Naturaleko paleontologo Asier Gomez-Olivencia ere: “Egileek esaten duten bezala, Afrikako fosil-kopurua oso murritza da Erdi Pleistozenoan. Garezur batzuk ezagutzen dira, baina hortz gutxi. Orain dela 500-900 mila urteko Afrikako hortz fosilak beharrezkoak dira, haien morfologia konparatzeko metodologia honen bidez proposatu den arbaso komunaren morfologiarekin”. Edozein kasutan, “haginen morfologia islatzeko oso lan fina” dela uste du Gomez-Olivenciak, eta “oso ikerketa ona”.
Neandertalaren eta gizaki modernoaren azken arbaso komuna ez dute aurkitu, baina ikerketaren funtsezko beste helburua bete dute: “Beste arrasto fosil batzuk aztertzeko marko metodologiko bat ezarri nahi genuen, eta azpimarratu nahi dut erabili ditugun programak eta datuak eskuragarri daudela nahi dituenak erabiltzeko”, amaitu du Gomez-Roblesek. Hain zuzen, dagoeneko jaso dituzte arbaso komuna izateko hautagai berriak metodologia honen bidez aztertzeko eskariak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia