}

Neandertalen garuna gizaki modernoena baino motelago hazten zen

2017/09/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

neandertalen-garuna-gizaki-modernoa-baino-motelago
1994an El Sidron kobazuloan aurkitutako 13 kideko familia horretako parte da oraingoan aztertutako haurra, argazkiaren erdian, bere ama eta anai txikiaren aurrean irudikatuta azaltzen dena. Arg. A. Alvarez

Asturiaseko El Sidrón kobazuloan aurkitutako haur neandertal baten eskeletuak datu baliagarriak eman ditu hobeto ezagutzeko nola garatzen zen neandertalen garuna. Antza, hil zenean 7 urte eta 8 hilabeteko adina zuen haur neandertalak, baina bere garunak bolumenaren % 87,5 baino ez zuen lortu artean. Gure espeziean, adin horretarako ia guztiz garatuta dago garuna, eta 5-6 urteko haurrek izaten dute neandertalaren antzeko garapena. Hortaz, aurkikuntza horrek agerian utzi du neandertalen garunak Homo sapiens-enak baino denbora gehiago behar izaten zuela guztiz garatzeko.

Garunaren jaio osteko garapen motela gure espeziearen ezaugarritzat jo izan da urte askoan. Beraz, neandertalen garapen-denbora gurea baino luzeagoa izateak galdera berriak ekarriko dizkie, seguruenik, ikertzaileei.

Arg. MNCN-CSICeko Paleontologia Taldea

Izan ere, argi dute garunaren garapen txikiago hori ez dela haur neandertala gaixo zegoelako. Hala adierazi du Science aldizkarian Antonio Rosas Madrilgo Zientzia Naturaleko Museoko paleoantropologo eta ikerketaren egileetako batek. 111 cm-ko altuera zuen eta 26 kg inguru pisatzen zituen; haur indartsua zen. Besoen, hanken eta hortzen garapena ere adin bereko Homo sapiens haur baten parekoa zen.

Homo erectusek –duela 1,6 milioi urte bizi zen espezieak– 8 urterako osatua izaten zuen bere hazkuntza. Baina duela gutxi Atapuercako ikerketa batek jada iradoki zuen Homo antecesorek hazkuntza motela izan zuela duela 800.000 urte. Hortaz, baliteke H. erectusaren ondoren eta H. antecesoraren aurretik sortu izana gure espeziearen hazkuntza-eredu hori.

Ikertzaileek Sciencen azaldu dutenez, garuna da giza gorputzean energia gehien kontsumitzen duen organoetako bat. Garun handi bat garatzea kostu energetiko handiko prozesua da, gorputza hazteko bideratzen den energiarekin lehiatzen dena. Neandertalek Homo sapiensek baino garun handiagoa zutenez, nolabaiteko modua aurkitu beharko zuten gastu energetiko horri aurre egiteko, eta garunaren hazkuntza-denbora luzatzea gastu metabolikoa banatzeko modu bat izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia