}

Neanderthalaren nerabezaroa

2002/01/06 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aspertu arte entzun diegu gure aiton-amonei ume izatetik heldu izatera kolpean pasa zirenekoa. "11 urterekin lanera, eta bukatu dira ume-ipuinak!". Horrela esanda, badirudi nerabezaroa yogurtaren belaunaldikoen asmakizuna izan dela, gurasoen lepotik ahalik eta gehien bizitzen saiatzen direnen mauka.

Nerabezaroa gizakiaren hazte-prozesu geldoaren ondorio da. Tximinoek ez dutegaztarorik, eta, beraz, kume izatetik heldu izatera pasatzen dira. Hominidoei ere beste horrenbeste gertatuko zitzaien hasieran. Orduan, noiz sortu zitzaion gizakiari nerabezaroa? Ez dakigu orain dela 500.000 bat urte bizi zen gizakiak akne konplexurik izan ote zuen, baina ikerketa berri batek erakutsi duenez, Homo erectus ei gure aitonei bezala gertatu zitzaien, ume izatetik heldu izatera pasa zirela. Beraz, giza espeziearen eboluzio luzean, azken milaka urteetan hasi da gizakia nerabe izaten.

Gizakiaren hazkundea kulturaren eta ingurumenaren araberakoa da.

Orain dela 1,5 milioi urte inguru bizi zen Homo erectus ak gizaki modernoaren oinarrizko ezaugarriak zituen dagoeneko: gorputz proportzioak gurearen antzekoak zituen, eta baita pisua eta hortzak ere. Beraz, ikertzaileek uste zuten Homo erectus arekin sortuko zela nerabezaroa, baina ikerketa berriek usteak ustel zirela erakutsi dute.

Gizakiak 18-20 urte behar ditu gorputz-heldutasun osoa eskuratu ahal izateko. Beste primate espezie batzuk, berriz, txinpantze eta gorilek adibidez, nahikoa dituzte 11-12 urte heldu izateko. Zientzialariek ikusi dute Homo erectus ak tximinoen antzeko hazkunde prozesua izaten zuela, eta, beraz, adoleszentziak eskaintzen duen luzapenik gabe galtzen zuela haurtzaroa.

Hortzak ikertu dituzte ondorio horietara iristeko. Orain dela 4 milioi urteko Australopitecus en hortzen fosiletatik hasita, Homo habilis , Homo erectus , Homo ergaster eta Neanderthal en eta gaur egungo gizaki, txinpantze eta gorilen hortzak aztertu dituzte. Hortzak eta hortzen fosilak mikroskopio elektroniko bereziekin begiratu dituzte eta modu horretan hortzen barne egitura ikusi ahal izan dute. Izan ere, hortzak poliki-poliki hazten dira eta hazkunde hori geruzatan islatuta gelditzen da. Zuhaitzetako enborrekin gertatzen denaren antzekoa da, horietan geruza edo eraztun bakoitzak zuhaitzaren bizitzaren urtebete erakusten baitu. Beraz, hortzak alderik alde ebaki eta mikroskopio elektronikoak lagunduta, haginetako esmaltearen geruzak konta daitezke.

Burezurra eta hortzak mikroskopio elektronikoz aztertuz, gizaki bakoitzaren hazkunde erritmoa jakitea dago.

Hortzetan islatutako esmalte geruzak neurtuta, izaki bakoitzaren hazkunde-erritmoa ezagutzeko modua aurkitu dute ikertzaileek. Gizaki modernoak oso hazkunde geldoa du eta hortzak ere erritmo horretan hazten dira. Ikertutako hortz-fosilek erakutsi dute hazkuntza erritmo geldoa eta oso berantiarra dela. Australopitecus en gorputz hazkundea txinpantze eta gorilena bezain azkarra izatea ikertzaileek espero zutenarekin bat etorri da. Baina Homo erectus ak ere oso hazkunde azkarra izaten zuela ikusi dute, eta horrek harritu egin ditu ikertzaileak.

Bestalde, atzeko hagina noiz atera den ikusteak hazkunde-erritmoa hobeto ezagutzen laguntzen du. Gizaki modernoari 6 urte inguru dituenean irteten zaio atzeko hagina; tximuei, berriz, 3,5 urte inguru dituztenean. Ikerketa berriek erakutsi dute Homo Erectus ari tarteko epean irteten zitzaiola atzeko hagina, 4 eta 4,5 urte bitartean, hain zuzen ere. 1984an Kenian aurkitutako Homo erectus baten eskeletoa 11-12 urteko gazte batena zela uste zen. Baina orain atzeko hagina irten berria zuela ikusi da eta, beraz, asko jota 8 urte izango zituela uste da. Harrigarria da, eskeletoaren tamaina oso handia baita, eta, beraz, Homo erectus ak hazkunde-erritmo oso azkarra zuela erakusten du.

Geldoa eta berantiarra da gizaki modernoaren hazkundea. Irudian, nerabe bat.

Egungo gizakiarekin duen antzekotasunak pentsarazi zien ikertzaileei Homo erectus ak hazkunde-erritmo geldoa izango zuela, eta, ondorioz, nerabezaroa izango zuela. Izan ere, Homo erectus ak gizaki moderno baten gorpuzkera bera du, eta alde bakarra burmuinaren tamainan dago. Beraz, zientzialariek uste dute burmuinaren tamainak eragina izan dezakeela gorputzaren bilakaera-erritmoan, eta, ondorioz, nerabezaroaren agerpenean. Burmuin handiagoak ezagutza gehiago bil ditzake, eta ezagutzak barneratzeko ikasketa prozesu luzeagoa behar da. Beraz, ikasketa-prozesu luzea gorputzaren hazkunde-erritmoarekin egokitzen joan dela pentsa liteke. Homo erectus ak nerabezarorik izan ez bazuen, ikasketa prozesu luzeagoaren beharrik ez zuelako izango uste dute ikertzaileek.

Gizaki modernoak duen hazkunde geldoaren eredu zaharrena orain dela 120.000 urte inguruko Neanderthal baten fosila da. Nerabezaroaren agerpena orain dela 800.000 eta 300.000 urte bitartean gertatuko zela uste dute Pennsylvania State University-ko ikertzaileek. Neanderthal en fosilen azterketak erakutsi du egungo gizakien hazkunde eredu bera zutela, eta, beraz, 300.000 urtetik hona umeek hazkuntza-prozesu luzea izan dutela heldu izatera iritsi arte. Beste kontu bat da, ez ume, ez heldu, diren gazteek nerabezaroa bizitzeko aukera izan duten, edo gure aiton-amonak bezala, bizitzak biologiak aurreikusitakoa baino azkarrago nagusitzera behartu dituen.

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia