Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakiak elkartu zirenekoa
2006/12/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Zaila da hipotesi horri eustea; orain arte aurkitu diren datuak ez dira nahikoak ideia hori baieztatzeko. Hori bai, zientzialariek badakite Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakiak garai berean bizi izan zirela lurralde bertsuan, milaka urtean.
Hain zuzen ere, duela 50.000 urte arte, Neanderthalgo gizakia bakarrik zegoen Europa osoan, baina 20.000 urte geroago, Europako gizaki gehienak Cro-Magnongo gizakiaren leinukoak ziren. Zer gertatu zen denbora-tarte horretan?
Batzuen ustez, lurralde bertsuetan bizi izan ziren arren, ez zuten topo egin, ez zuten bizileku bera hartu garai berberean. Beste batzuek, aldiz, baietz uste dute, elkartu zirela. Areago, elkartu eta ugaltzeko ahaleginak egin zituztela ere uste dute hainbatek.
Hala izatekotan, hiru aukera daude. Lehenengoa, ustezko hibridoa bideragarria ez izatea; bigarrena, hibridoak bizirik irautea lortu arren, antzua izatea, eta, azkenik, hibridoa ugalkorra izatea. Hori egia izanez gero, gaur egungo gizakiaren eboluzioan parte hartuko zukeen Neanderthalgo gizakiak.
Fosiletan oinarrituta
Hau da inoiz topatu den Neanderthalgo gizaki baten eskeletorik osoena. Haur jaioberri batena da.
(Argazkia: B. Maureille/Nature)
Zenbait arkeologok hirugarren aukera horretan sinesten dute, eta, haien esanean, badituzte frogak (gutxi). Horietako bat da 1998ko abenduan Portugalgo Lapedo haranean aurkitutako eskeletoa. Lau urteko mutiko baten eskeletoa da, eta, aztertu zuten ikertzaileen arabera, Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakien ezaugarri fisikoak ditu, nahasian. Esate baterako, femurra eta tibia Neanderthalgo gizakiak zituenaren modukoak dira, eta masailezurra eta hortzak, berriz, gaur egungoenen antzekoak.
Lapedoko umea duela 24.500 urte inguru bizi izango zela kalkulatu dute, eta Neanderthalgo gizakia horibaino 3.000 urte lehenago desagertu zen.
Orain jakinarazi dutenez, Lapedoko umeaz gain, duela 50 urte baino gehiago Errumanian aurkitutako hezur batzuek ere bien ezaugarriak omen dituzte. Garezur bat, masailezurra eta omoplato bat dira, eta, orain, berriro aztertu ondoren, Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakien arteko hibrido bati dagozkiela uste dute.
Nonbait, gizaki modernoak bezala, sudur estua eta kopeta txikia zuen gizaki hark, baina garezurraren atzealdea eta masailezurra Neanderthalgo gizakiak zituenaren antzekoak dira. Kalkuluen arabera, aztarnak duela 30.000 urtekoak dira, hau da, Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakia batera bizi izan ziren garaikoak.
Azterketa genetikoa
Galdera asko daude erantzuteko, eta arkeologoek bila jarraitzen dute.
(Argazkia: Albertkanaal)
Edonola ere, froga horiek ahulak dira, oso arrasto gutxi topatu direlako, eta litekeena da anomaliaren bat zuten gizakien hezurrak izatea, besterik gabe. Dena dela, aukera hori ez dute baztertzen, eta azterketa genetikoak egin dituzte, halakorik gertatu ote zen jakiteko.
Aurtengo maiatzean argitaratu dute duela 45.000 urteko Neanderthalgo gizaki ar baten DNAren sekuentzia. Zehazki, genomaren zati txiki bat sekuentziatu dute (genomaren % 0,03), baina ondorio bat atera dute: gizakiaren Y kromosoma eta gaur egungo gizonarena oso desberdinak dira; are gehiago, alde handiagoa dago bien Y kromosomen artean beste kromosometan baino. Hortaz, ikertzaileek uste dute bi espezieak ez zirela nahasi.
Hala eta guztiz ere, arkeologoek bila jarraituko dute, oraindik galdera asko gelditzen baitira erantzuteko.
7K-n argitaratua.