}

Neanderthalgo gizakia, urrutiko arbaso?

2006/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neanderthalgo gizakia, urrutiko arbaso?
2006/12/01 | Elhuyar
Hau da inoiz topatu den Neanderthalgo gizaki baten eskeletorik osoena. Haur jaioberri batena da.
B. Maureille/Nature

Eztabaida aspalditik dator: gurutzatu ziren Neanderthalgo gizakia eta Cro-Magnongoa (gizaki modernoa)? Gehiengoak ezetz uste du; baina azken egun hauetan gurutzaketa izan zela argudiatzen duten berrien uholde bat izan da.

Arkeologiaren ikuspegitik, esate baterako, Errumanian duela 50 urte baino gehiago aurkitu ziren hezur batzuk aztertu dituzte Washington Unibertsitateko arkeologo batzuek, eta, haien esanean, Neanderthalgo eta Cro-Magnongo gizakien arteko hibrido bati dagozkie.

Ez da lehenengo aldia diotena hezurdura jakin bat bi espezieen arteko hibrido batena dela. Besteak beste, Errumaniako, Txekiar Errepublikako edo Portugalgo aztarnategietako hainbat hezurdura hibridazioaren seinale omen dira.

Dena dela, azkeneko hitza genetikak du. Orain arte, genetikak ez du hibridazioaren aldeko frogarik eman. Bi espezieek harremana izango zuten, noski, baina gurutzaketa izan bazen, hibridazio-arrastoak egongo ziren gaur egungo gizakiaren genoman.

Bada, ikuspegi hori alda dezaketen berri interesgarriak izan dira azken egun hauetan. Batetik, microcephalin izeneko genea Neanderthalgo gizakiaren arrastoa izan daitekeela argitaratu du Chicagoko Unibertsitateko genetista-talde batek. Gene horren aldaera ohikoena (giza populazioaren % 75ek du) duela 37.000 bat urte sartu omen zen giza genoman, Neanderthalgo gizakia eta Cro-Magnongoa batera gertatu ziren garaian, hain zuzen ere.

Kroaziako koba honetan aurkitutako hezur bat erabili dute Neanderthalgo gizakiaren nukleoko DNA sekuentziatzeko.
J. Krause/Max Planck Institutua

Bestetik, Neanderthalgo gizakiaren hezurreko DNA aztertzeko metodologia berriak garatu dira. Eta, horiei esker, nukleoko DNA ari dira aztertzen. Orain arte, DNA mitokondriala erabili izan da antzinako geneak aztertzeko, nukleokoa baino askoz ugariagoa baita. Baina informazio gutxiago ematen du (gene gutxi ditu DNA mitokondrialak). Hori dela eta, nukleoko DNA aztertzea ikaragarrizko aurrerapena da.

Bada, teknika berri horiei esker bi taldek hezur beraren nukleoko DNA aztertu dute (Kroaziako koba batean aurkitutakoa). Eta, oraindik genomaren zati oso txiki bat sekuentziatu duten arren, taldeetako batek dio Neanderthalgo gizakiaren eta Cro-Magnongoaren arteko hibridazioaren arrastoak aurkitu dituela. Talde hori Svante Pääbo ikertzaileak zuzentzen du. Eta kontuan izatekoa da Pääbo hibridazioaren hipotesiaren aurkakoa izan dela. Orain, dirudienez, datuek iritziz aldarazi diote.

Dena dela, datu horiek ez dituzte aditu guztiak gogobete, eta hibridaziorik ez zela egon diotenen taldea handiagoa da. Baina ikusteko dago zer gertatuko den Neanderthalgo gizakiaren nukleoko DNAren ikerketak aurrera egin ahala, eta datu genetiko gehiago izan ahala.

1
226
2006
12
021
Eboluzioa; Paleontologia; Genetika
Berriak labur
13