}

Nebulosa urdinaren misterioa

2020/11/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zerbait behin eta berriz begiratuta ere agian berdin geratuko zara, hasieran bezala. Luzaroan begiratzeak ez baitu bermatzen ikusten duzuna ulertuko duzunik. Hori gertatu zaie astronomoei: 16 urte eman dituzte Eraztun Urdinaren nebulosari begira (Galaxy Evolution Explorer misioaren garaitik). Orduan detektatu zuten nebulosa urdina, baina ez zuten ulertzen zein zen eraztunaren jatorria.
nebulosa-urdinaren-misterioa
Arg. NASA/JPL-CALTECH; M. SEIBERT/CARNEGIE INSTITUTION FOR SCIENCE; K. HOADLEY/CALTECH/GALEX TEAM

Nebulosa urdina, berez izar bat da, TYC 2597-735-1 izenekoa,  baina argi ultramorearen bidez begiratuta izarraren inguruan eraztun urdin bat ikusten da. Nebulosa bat. Eta hori ez da ohikoa; normalean izarren inguruanez da nebulosa urdinik ikusten, nahiz eta argi ultramorearen bidez begiratu. Astronomoak pozik zeuden aurkikuntza horrekin, ikergai interesgarria zelako, baina 16 urtean ez dute nebulosaren jatorriari buruzko zentzuzko azalpenik aurkitu. Orain badirudi baietz. Ulertu dute zergatik den izar hori den bezalakoa: izar jaioberria da.

Beste bi izarren arteko talkaren ondorioz jaio da. Hain zuzen ere, izar asko jaiotzen dira modu horretan. Erraza da hori esatea azalpena ezagutu ondoren, baina astronomoentzat ez zen begi bistakoa. Izarra aztertuta datu batzuek erakusten zuten izar zaharra dela, baina beste datu batzuek, berriz, gaztea dela. Zaharra zirudien hidrogenoa agortuta zuela zirudielako, eta gaztea argi infragorria izar sortu berrien modura isurtzen duelako. Kontrako bi ezaugarri horiek aldi berean izatea misterio hutsa zen.

Orain uste dute ulertu dutela zer ari den gertatzen. Lehen aldia da astronomoek horrelako zerbait ikusten dutela. Normalean sortzen ari den izar baten hautsak berak estaltzen du prozesua eta ez da ezer ikusten. Astronomoek eredu matematiko konplexu baten bitartez aurkitu dute azalpena.

Hau da astronomoen hipotesia: Eguzkiaren antza duen izar bat heriotza-fasean sartu zen, erre behar zuen hidrogeno guztia erre zuelako. Puztu egin zen baina beste izar bat zeukan inguruan orbitatzen. Orbita horretan materia galtzen zuena, hidrogenoa. Denboraren poderioz, elipse batean erori eta talka egin zuten bi izarrek. Orain ikusten duguna, beraz, talka horren ondorioa da. Eta eraztun urdina ez da eraztun bat, baizik eta kono bat; talkak askatu zuen materiak sortua. Lurraren norabidean zabaltzen da konoa, horregatik hemendik begiratuta, eraztun baten itxura du. Beste kono bat dago kontrako norabidean, baina ez dugu ikusten. Beraz, bi izarren arteko talkak berotu egin zuen ingurua eta horregatik iristen zaigu erradiazio infragorria (beroa). Eta konoak distira ultramorea du bero horrek “piztu” egin zuelako hidrogenoa.

Hori da astronomoek uste dutena. Azalpen onena une honetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia