Neguan ere, Antartikako izotzak krak
2008/06/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Antartikako bi uharte lotzen dituen izotz-plaka baten zati handi bat puskatu da maiatzean; lehenengo aldia da zientzialariek horrelako fenomeno bat neguan ikusten dutena.
Hala ere, ez da lehen aldia plaka hori puskatzen dena. Otsailean zati handi bat puskatu zen, ustez, klima-aldaketaren eraginaren ondorioz. Plaka Charcot eta Latady uharteen arteko izotz-zubia da, eta, otsailean puskatu ondoren, 6 kilometroko zabalera geratu zitzaion. Maiatzean berriz puskatu ondoren, 2,7 kilometro zabal geratu da.
Bonngo Unibertsitateko ikertzaileak aspalditik ari dira izotz-geruza horren dinamika aztertzen. Haien ustez, hurrengo egunetan erabat puskatuko da zubia, pitzadura bat geratu baitzaio zubiaren estuguneari.
Irudiak: ESA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia