Negutegi-efektua eta lurzorua
1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Michigan-go unibertsitateko zientzilariek diotenez, atmosferan anhidrido karboniko edo CO2-aren kontzentrazioa igotzeak zuhaitzen hazkundeari laguntzen dio, baina batez ere lurzorua ongarritzeko da ona. Beraz, hain beldurgarritzat hartu izan den negutegi-efektua landarediaren mesederako izan daiteke. James A. Teeri-k egin duen ikerketan iradokitzen duenez, atmosferako CO2-aren proportzioa igota (tenperatura-igoera kontutan hartu gabe) Lurreko ekosisteman elikagaien zikloan aldaketa nabarmenak izan daitezke.
Emaitza horretara laborategian egindako saiakuntza baten bidez heldu dira. Zientzilariek lertxun-landareekin hiru talde osatuta egin dute saiakuntza. Bi talde arlo txikietan kontrolatuta landu zituzten, bertan CO2-aren kontzentrazioa hurrenez hurren 350 ppm-koa (atmosferak duen balio normala) eta 700 ppm-koa (hemendik 2030. urtea bitartean planeta berotzen bada izango duen kontzentrazioa) izan zelarik. Hirugarren taldea afrontuan eduki zuten.
Emaitzek diotenez, 700 ppm-ko kontzentrazioko lertxunek fotosintesian bi aldiz errendimendu handiagoa izan zuten. Gainera, landare hauen sustraien pisua kontzentrazio normalekoena (350 ppm-koena) baino % 50 handiagoa da. Bestetik, lurzoruko karbonoaren eta nitrogenoaren mineralizazioaren tasak beste taldeetan baino 1,5 eta 1,8 aldiz handiagoak izan ziren. James A. Teeri-ren iritziz, CO2-aren tasa igotzeak epe motzera autoongarriketa-erreakzioa eragiten du.
Fotosintesiaren bidez landareek atmosferako anhidrido karbonikoa finkatu eta azukreak sortuta, gehiago hazten dira eta sustrai lodiagoak dituzte. Azken hauek usteltzen direnean, zelula hilak askatu eta lurra karbonoz aberasten dute. Elikagai hau, lurreko mikroorganismoek zurgatzen dute eta bide batez nitrogenoa mineralizatu egiten da, lurzorua ongarrituz.
Saiakuntza hauek egiaztatu egin behar dituzte hiru urtean. Izan ere, gerta liteke autoongarriketa-sistema honen bidez landarearen hazkundea urte batzuen buruan bere mugara iristea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia