Negutegietatik errepideetara
2006/12/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hala ere, errepideen osagai nagusia harria da; asfalto-betuna oso portzentaje txikian erabiltzen da.
Errepideen propietate mekanikoak hobetzeko hainbat polimero gehitzen zaizkio asfalto-betunari. Polimero horiek birjinak nahiz birziklatuak izan daitezke. Polimeroa gehitzean, besteak beste asfalto-betunak tenperatura-aldaketa horien aurrean duen erantzuna hobetzen da. Hala, ez da arrailik agertzen asfaltoan tenperatura baxuetan, eta pisu handiko ibilgailuen trafikoak ez du ildo edo ildaskarik sortzen tenperatura altuetan. Dena den, ezinbestekoa da asfalto-betuna eta polimeroa egoki nahastea. Nahaste horrek egonkorra izan behar du, asfalto-betuna eta polimeroa fasetan bereiz ez daitezen, biltegian gordeta edukitzen denean.
Negutegietako plastikoak
Hainbat polimero erabil daitezke asfalto-betunekin nahasteko, eta horietako bat negutegietako plastikoak dira. Negutegietako plastiko horiek birziklatu eta hainbat aplikazio dituzte; besteak beste, zabor-poltsak egiteko erabiltzen dira. Polimero horiek, ordea, ezin dira erabili berriro ere negutegietako plastikoak egiteko, erabileran eta birziklapenean ezaugarri mekanikoak galtzen baitituzte.
Horren harira, polimero horiek errepideak asfaltatzeko erabil daitezkeen edo ez ikusi nahi du EHUko ikertzaile-taldeak. Horretarako, asfalto-betun komertziala birziklatutako polimeroarekin mekanikoki nahastu dute, helize baten bidez. Hori guztia tenperatura altuetan egin dute; bi materialak urtuta daudela, alegia. Polimeroa asfalto-betunarekin bateragarria bada, tamaina txikiko tanta homogeneotan barreiatzen da asfalto-betunean, eta, hala, nahaste horrek jatorrizko asfalto-betunak baino ezaugarri biskoelastiko hobeak ditu. Hain zuzen ere, polimeroa asfalto-betunean tanta txikitan eta homogeneoki barreiatzen dela ikusi dute ikertzaileek mikroskopio optikoaren laguntzarekin.
Beraz, negutegietako plastikoak errepideak asfaltatzeko egokiak direlakoan daude EHUko ikertzaileak. Izan ere, plastiko horiek, oro har, asfalto-betunarekin nahasten diren polimeroak dituztela ikusi dute ikertzaileek. Gainera, plastiko horiek abantaila nagusi bat dute: ez dago garbitu beharrik asfalto-betunarekin nahastu eta errepideetan aplikatzeko. Hau da, nahiz eta lur-hondakinak izan, berdin funtzionatzen dute.
Bestalde, asfalto-betunaren eta negutegietako plastikoaren arteko nahasteak berak polimero birjinekin egindako hainbat nahasteren antzeko propietate mekanikoak eta biskoelastikoak dituela ikusi dute. Alegia, bukaerako produktuari ez zaiola kalterik egiten haren ekoizpenean polimero birziklatua erabiltzegatik.
Hori guztia laborategian egin dute EHUko ikertzaileek. Ondoren, industria-eskalara zabaldu beharko da. Horretarako, nahaste horiek errepideetako araudiak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte. Baina, errepideak asfaltatzeko erabil badaitezke, hainbat eta hainbat tona plastikori irtenbidea emango zaio. Errepideko kilometro bakoitzeko 800 kg polimero inguru. Hortik atera kontuak.