}

Neke kronikoa, birus baten errua?

2009/10/13 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Litekeena da erretrobirus batek eragitea neke kronikoa. Estatu Batuetan egindako ikerketa batean, neke kronikoak jotako 101 paziente aztertu dituzte, eta ikusi dute hirutik bik XMRV deritzon birusa zutela. 218 pertsona osasuntsu ere aztertu zituzten Nevadako Whittemore Peterson Institutuan, eta horietatik % 4tan baino ez zuten aurkitu birusa.

Ahituta egoten dira, kontzentrazio- eta memoria-arazoak izaten dituzte, muskuluetako eta giltzaduretako mina izaten dute eta abar. Sintoma horiek dituzte neke kronikoak jota dauden pazienteek. Askotan, baina, gaixotasun bati baino, estresa behar bezala eramateko ezintasunari egozten dizkiote sintoma horiek, bai medikuek, bai jendeak, bai eta gaixoek eurek ere.

Birusa aurkitzeak lagun lezake neke kronikoa gaixotasun seriotzat hartzen. Horretarako, baina, frogatu egin behar dute birusak gaixotasuna eragiten duela. Saguetan dagoeneko ikusi dute XMRVen antz handia duen birus-talde batek minbizia eta gaixotasun neurologikoak eta immunologikoak eragiten dituela.

Irudia: Whittemore Peterson Institute

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia