Neska ala mutila? Sexua aukeran
2002/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Historian zehar umeen sexua aukeratzeko 500 metodotik gora asmatu badira ere, azken mendeetara arte ez dira zientzian oinarritu. Zientziaren garapenak eta, batez ere, medikuntzan izandako aurrerapenek irtenbidea sendagileen eskuetan egon zitekeela pentsatzera eraman du jendea. Askotan, zientzialariek erabilitako hizkera eta hitz arraroak ez dira sorginen esana baino ulerterrazagoak, baina atzean zientziaren bermea dagoenez, egiatzat hartzen dira. Gehienetan, ordea, metodo horiek herri-sineskerian oinarritutakoak bezain arrakasta gutxi izan dute.
Zientzialari horien usteak okerrak baziren ere, ezin zaie konplexutasun- eta irudimen gabezia leporatu; alderantziz, oso teoria landuak ziren. 1800. urtean, Millet Frantziako printzesen emaginak L’Art de procréer les sexes à volonté ou historie physiologique de la génération metodoa argitaratu zuen. Sexuen arteko disimetrian oinarritzen zen: beroa eta eskuinaldea mutilen ezaugarriak ziren; hotza eta ezkerraldea, aldiz, neskenak. Garai hartan, Jainkoak Evaren eskuin obulutegian gizonen miniaturak eta ezkerrekoan emakumeenak jarri zituela uste zen. Miniatura horiek esnatzeko eta garatzeko, gizonaren haziaren partehartzea behar zen. Beraz, Milletek maitasuna egitean jarrera jakin batzuk proposatzen zituen. Adibidez, neska eduki nahi izanez gero, emakumeak eskuin aldean etzanda egon behar zuen; hartara, emakumearen anatomiak hala aginduta, hazia ezkerraldera joango zen.
Milleten metodoari esker beren nahia bete zutenen adierazpenak jaso zituen liburuan, eta horrek sinesgarritasuna ematen zion, nonbait. Izan ere, sei aldiz argitaratu zen eta arrakasta handia izan zuen. Gainera, kasu guztientzako azalpena zeukan: 1748an, Procope Couteau sendagileak, L’Art d’avoir des garçons, lanean bere emaztearen ezker obulutegia hainbatetan ernaldu ondoren aldi bakoitzean mutilak izan zituela idatzi zuen. Bada, Milleten arabera, salbuespen hori emazteak situs inversus -a zeukalako gertatu zen; hau da, organoak alderantziz zituelako.
Emakumeak gehiegi gozatuz gero, ez bata ez bestea
Geroago, 1880. urtearen inguruan, berriro erantzukizun guztia emakumeari egozten zion teoria plazaratu zuen Geoffroy Saint-Hilaire zoologoak. Teoria lagun naturalista baten esperientzian oinarritzen zen. Lagunaren emaztea oso emakume xaloa eta hezigabea zen; horregatik, naturaren deiari eta senarraren eskaerei itzulingururik gabe erantzuten zien. Emazteak maitasuna egitean gozatzen bazuen, neskak jaiotzen zirela ikusi zuen. Besterik gabe senarrari baiezkoa eman baina jarrera pasiboa zuenean, berriz, mutilak jaiotzen omen ziren. Azkenik, gozamena oso handia bazen, abortatu egiten zuen.
Geoffroy Saint-Hilairek enbrioiak hermafroditak zirela uste zuen, arraren eta emearen ezaugarriak batera zituztela, alegia. Eta lagunaren esperientzia aztertu ondoren, proposatu zuen bi eragilek erabakitzen zutela zein sexutakoa zen umea: enbrioiak zenbat toki zeukan garatzeko, eta zenbat elikagai jasotzen zuen. Zoologoaren esanean, plazerrak bagina uzkurtzea eragiten du; ondorioz, umetokian leku gutxiago dago eta, gainera, elikagai gutxiago pasatzen dira. Orduan, neska jaiotzen da. Atseginik sentitu ezean, ordea, umetokian nahikoa toki eta elikagai ugari egoten dira, eta horrek mutila garatzea ahalbidetzen du. Gozamena gehiegizkoa denean, berriz, uzkurdurak hain dira indartsuak ezen enbrioia tokirik eta elikagairik gabe gelditzen den; hortaz, hilda jaiotzeko edota ez garatzeko arriskua dago. Teoria osoa lagunaren esperientziatik abiatuta garatu zuela pentsatzea ere!
Kontuz zer jaten duzun
Sexua aukeratzeko metodo horiek bitxiak iruditu arren, garai hartako zientzian daude oinarrituta. Horregatik, gaur egun barregura ematen badigute ere, orduan guztiz logikoak eta serioak ziren. Eta atzo goizean edo orain bertan sinesten denarekin ere, denbora gutxi barru gerta daiteke ez hankarik ez bururik ez duela ikustea.
Esate baterako, 1972. urtean janariak eta baginaren jariakina eta obuluaren mintza lotu zituen François Papa ikertzaileak. Haren esanean, potasio ugari janez gero, obulua Y kromosoma daraman espermatozoideak ernaltzen du; magnesio asko hartuta, berriz, X kromosoma duenak. Hala, lehenengo kasuan mutila jaioko litzateke, eta bigarrenean neska. Azalpen ugari eman zituen eta ikerketa sakonetan oinarritu zen, baina sekula ez da frogatu.
Berrienetakoa X eta Y kromosomen pisuetan dagoen aldean oinarritzen da. 1960ko hamarkadan, X kromosoma Y kromosoma baino handiagoa eta astunagoa dela jakin zen. 1990. urtearen inguruan, abelgorrian aplikatzeko, AEBetako Nekazaritza Departamentuak X edo Y kromosoma daramaten espermatozoideak bereizteko metodoa garatu zuen. Eta metodo bera eskaintzen die orain AEBetako enpresa batek sexu jakineko seme-alabak izan nahi dituzten bikoteei. Microsort izeneko tresnari esker espermatozoideak aukeratu, obulua ernaldu eta kito! Enpresak dioenez, neska nahi izanez gero, kasuen % 90ean lortzen omen da arrakasta; mutilen kasuan, berriz, % 73an. Egia bada, ez dago hain gaizki; bestela, berriz, askoz ere merkeagoa da ilargiari, igelei edo santuei egitea kasu. Agian zientziak egingo zuen aurrera, baina prezioak ere egin du gora. Beti bezala
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia