Neurketarako zazpi euskarriak
2000/10/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Oinarrizko unitateak definitzeko ekarpen historikoei buruzko gogoetak gaur egun ere egiten dira.
Ehiztariak basurdea harrapatzen duenean gehiegikeria asko entzuten dira. Bi metroko luzera eta tona erdiko pisua duen animalia zela esaten du. Norberak galde dezake ea ehiztariaren metroak eta kiloak besteonak baino txikiagoak diren...
Aspaldi bateko kezka izan zen hori. Merkatari giroan, behintzat, ezinbestekoa zen hori guztia definitzea. Lehen metodoa bilatu zen. Metroa eta kilogramoa definitzeko platinoz egindako bi estandar erabili ziren. Baina objektu horiek ez zeuden guztientzat eskuragarri eta, gainera, fisikoki oso aldakorrak ziren. Hobeto zehaztu beharreko kontua zen. Iraultza frantsesaren ondoren, gizarte modernoa antolatzen ari zenean, Paristik gertu dagoen Neurrien eta Pisuen Nazioarteko Bulegoak (Bureau International des Poids et Mesures, BIPM) hartu zuen horren ardura. Helburua unitateak zehazki definitzea izan zen. Izan ere, 1799ko ekainaren 22a gaurko sistema metrikoaren jaiotegunatzat har dezakegu.
Modernotasuna
Oso ideia aurreratuak aplikatu ziren. Mundu modernoak definizio modernoak behar zituen. Ipar poloaren eta ekuatorearen arteko distantziaren hamar milioirena metroa zen. Erreferentziatzat Paristik pasatzen den meridianoa hartu zuten. Hala ere, geroago erroreak aurkitu ziren, Lurraren errotazioaren ondorioz meridianoak pixkanaka txikiagotzen ari dira. Beraz, definizio hori ez da egokia. Horregatik, 1872. urtean metroaren prototipo berria egin zen.
Masaren unitatea definitzeko, Luis XVI.a erregeak baimenduta, batzorde batek eman zuen grave baten masa; ur litro baten masa, alegia. Beste legeak bezala, monarkiaren eskutik sortutako arau zientifikoak baztertu ziren. Iraultzaileek unitate txikiagoa nahi zuten eta gramoa definitu zuten. Baina gramoaren prototipo zehatza oso zaila zen egiteko zein neurtzeko. Beraz, erregearen batzordeak emandako unitatearen pareko bat behar zen. Hala ere, iraultzaren ideologoek kilogramoa deitu zioten.
Aipagarria da handik datorkigula «mila aldiz» adierazteko erabiltzen dugun kilo- aurrizkia. Metroa ez ezik, kilogramoaren prototipo berriak ere egin ziren mendearen bukaeran. Hala ere, unitate hori definitzeko ez da beste metodorik aplikatu. Izan ere, gaur egun prototipo batez definitutako oinarrizko unitate bakarra da.
Beste unitateentzat, ordea, XX. mendearen gertutasunak metodologia berria eskatzen zuen. Segundoak eta tenperatura neurtzeko graduak oso definizio zaharra zuten eta, hala ere, ez zen modurik sistema berriztatzeko. 1893. urtean korronte elektrikoaren unitatea izateko anperea plazaratu zen, Andre Marie Anpere fisikari frantsesaren omenez. Hamabost urte geroago unitate hori onartu zen. 1889. urtean egindako lehen Neurrien eta Pisuen Batzar Orokorrean (Conference Generale des Poids et Mesures, CGPM) prototipoetan oinarritutako definizioen arazoari irtenbidea jarri nahi izan zioten.
Kontzeptu berriak
XIX. mendearen bukaeran fisikariak uhin elektromagnetikoak ikertzen ari ziren. Kolore bakoitzaren argiak uhin luzera zehatza duela aurkitu zen, aldatzen ez zuen luzera zen. Beraz, Albert Abraham Michelson fisikari estatu batuarrak luzerak definitzeko uhinak erabiltzea proposatu zuen. Gainera, 1927. urtean luzera unitateen definizio berria finkatu ziren oinarri horrekin. Kadmioaren espektroaren lerro gorriaren uhin luzerari angstrom deitu zitzaion eta hamar mila milioi angstromek metroa osatzen dute.
XX. mendeak berrikuntzak ekarri ditu, kelvin graduaren, kandela-ren eta mol-aren definizioak, besteak beste. Baina zeintzuk diren oinarrizko unitateak eta zeintzuk ez ere erabaki da. Oinarrizko unitate horietatik beste guztiak defini daitezke. Hori guztia zehaztea ez da, ez, lan makala.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia