}

Nicholas Negroponte zientziaren astean

2008/11/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren astean gaude, bete-betean. Astelehenean ireki zituen ateak, eta igandera arte iraungo du. MIT MediaLab laborategi ospetsuaren zuzendari Nicholas Negroponteren hitzaldiak eman zion hasiera aurtengo asteari.
MIT Medialabeko zuzendari Nicholas Negropontek eman zuen zientziaren asteko irekiera-hitzaldia. One laptop per chil proiektua aurkeztu zuen.

Informatikaren eta teknologiaren alorreko guruetako bat da aspaldidanik Negroponte, baina hortik kanpora ere ezagun egin da azkenaldian One Laptop Per Child proiektuaren bidez. Proiektuaren asmoak ez dira nolanahikoak. Garatze-bidean dauden herrialdeetako umeak ditu jomuga : ordenagailu eramangarri bat jarri nahi dute haietako bakoitzaren eskuetan, aurrera egin eta herrialdeen arteko desberdintasunak murrizteko bideetako bat hezkuntza delakoan.

One Laptop Per Child proiektuaren bultzatzaileek uste dute prozesu horretan osagai garrantzitsua direla informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta Internet, eta horregatik sortu eta merkaturatu zuten OX ordenagailu eramangarri txiki, merke eta oso praktikoa, hirugarren mundua esaten zaion herrialdeetako eskola-umeentzat bereziki pentsatu eta diseinatu zena.

Proiektuak gorabehera ugari izan ditu bidean, kritikak eta goraipamenak jaso ditu, bultzadak eta oztopoak; baina aurrera egin du, eta, espero baino motelago bada ere, dagoeneko banatu dituzte ordenagailu horietako ehunka mila batzuk. Hilean 100.000 ale ekoizten dituztela aipatu zuen asteleheneko hitzaldian, eta ematen du urratutako bideak ez duela atzera bueltarik izango.

Gainera, proiektuaren eragin-eremua ez da garatze-bideetako haurretara mugatu. One Laptop Per Child proiektuaren helburuez haratago, ordenagailuen merkatua ere astindu du OX-k, eta eramangarri txiki eta merkeen filosofiak nabarmen eragin du guri saltzen dizkiguten ordenagailu eramangarrien ekoizleengan ere. Denbora gutxian, merkatuan agertu dira orain artekoen erdia ere ez diren zenbait gailu; bai tamainaz, bai prezioz. Eta jakina, oso harrera ona izaten ari dira.

Ikasleak Donostiako Karpan.

Zientziaren eta teknologiaren astean gaude, eta uste dut One Laptop Per Child proiektuak ondo jasotzen dituela zientziak eta teknologiak duten ahalmen eraldatzailea. Proiektuaren bosgarren printzipioan txertaketarekin konparatzen dute hezkuntza osasuntsua jasotzea, ezjakintasunetik eta intolerantziatik babesten duelako. Esaldia oso apaindu da, eta harro samarra ere bai agian, baina arrazoirik ez zaio falta; eta hezkuntza osasuntsu horren zati bat zientzia eta teknologiari badagokionez, aste honetako ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatzen dizuet hemendik.

Oraindik garaiz zabiltzate; Bilbon, Donostian eta Gasteizen jarritako karpetatik pasatu besterik ez duzue, Euskal Herriko Unibertsitatean zer ikertzen den bertatik bertara ikusteko; edo Zientziaren KutxaGuneko zein Cristina Enean tailerretan parte hartzeko; edo hiru hiriburuetan emango diren hitzaldiak entzuteko; edo Zamudion zine zientifikoa zer den deskubritzeko; edo... www.zientzia-astea.org web gunean duzue egitaraua. Sartu, aukeratu, animatu, eta 16tik aurrera ere, ez utzi. Gu Donostiako karpan gaude zuen zain.

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia