Nicoletta del Bufalo «Jakinduria handia dago aspaldiko arkitekturan»
2000/01/20 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
«Jakinduria handia dago aspaldiko arkitekturan»
ECOTEC enpresa ingelesak Madrilen duen egoitzan ari da Nicoletta del Bufalo, proiektuen ebaluatzaile lanetan. Duela hamabost urtetik eraikinetako aurrezpenaren arloarekin du harremana, eta orain gai hauek tratatzen dituen Europako Batzorderako egiten du lan.
Zein da zehazki zure betebeharra?
Europako edozein estatutik jasotzen ditugu energia eta eraikuntzarekin erlazionatutako proiektuak eta ni naiz proiektu horietako ebaluatzaileetako bat. Ebaluaketa horiek nahitaezkoak dira Kyotoko hitzarmena sinatu zenetik. Adibidez, karbono dioxidoaren kontzentrazio muga batzuetatik gora ez igortzeko ituna sinatu zen. Gaur egun igortzen dena baino maila askoz txikiagoak eskatzen dira. Beraz, Europako zenbait proiektu gelditu egin behar izan dira ez dituztelako baldintzak betetzen.
Zure espezialitatea eraginkortasun energetikoa da. Zertan oinarritzen da?
Oinarria lan egiteko modua izan behar du, bai eraikuntzan eta bai teknologia berrien erabileran. Eraikina energetikoki «osasuntsuaren» ezaugarriak dira diseinuzko irizpideen erabilera, eguzkitiko energiaren abantailak ustiatzen dituena, orientazioaren eta masa termikoaren (pareten lodieraren) probetxua, leihoen kokapen egokia. Azken hamar urteetan urrats handiak eman dira langile profesionalen kontzientziazio kontuetan.
Eta etxeen kokapena?
Ez da oraindik proiektu hauetan sartzen dugun gaia, baina interes handikoa da. Lurralde pobreetan nabaria da arazo hori baina oraingoz kokapena erabakitzeko argudio ekonomikoak soilik (edo ia soilik) erabiltzen dira.
Ikerketa nola egiten da?
Ikerketa eta esperimentazioa beste eraikin batzuetan egin da eta zenbait teknologia beste bide batzuetatik aztertu eta garatu dira. Horregatik, ikerketak ez du proiektu hauetan lekurik. Merkatuan teknologiaren eskaintza handia dago, beraz, aholkua da dagoena erabiltzea.
Energia berriztagarrien erabilera bultzatzen ari zarete baina, gaur egun sistema horiek erabiliz autonomoa bilakatzen diren eraikinak ba al daude?
Badaude, esperimentatzeko erabili izan direnak, hain zuzen. Italiako eta Espainiako hegoaldeetan badaude horren adibideak, esate baterako Andaluzian. Alemanian eta beste herri batzuetako oso adibide polita dira mendiko aterpeak. Eguzki panelak garestiak badira ere, sare elektrikoaren konexioa askoz garestiagoa da energia fotovoltaikoen erabilera baino. Zenbait kasutan ere biomasa erabili behar izaten da, egurra batez ere. Horrela aterpeak energetikoki autonomoak bihur daitezke. Hirietako eraikinetan ohiko teknologien hobekuntza asko zaindu behar da, adibidez egitura, orientazioa eta abar.
Artzainen txaboletan ere eguzki panelak ere asko ugaritu dira baina gasolinako sogailuak ere ikusten dira.
Ez da harritzekoa. Eguzkitiko energiarekin oso efektu bitxia gertatu da. Azken bi hamarkadetan gutxi gorabehera beherakada nabarmena izan du. Nahiz eta teknologia konplexua ez izan, Europaren hegoaldean batez ere, asko saldu da mantenimendu zerbitzurik eskaini gabe. Epe laburrean izaten zen benetan erabilgarri. Jendea gelditzen zen konpontzeko modurik gabe. Aldiz, sistema horien belaunaldi berriek bizitza luzeagoa dute eta, gainera, enpresek salmentaren ondorengo arreta eta konpontzeko aukera eskaintzen dute. Horixe da erabiltzaileak behar duena. Eguzki panelen teknologiaren aurrekuntzarekin lotuta dago. Merkeagoak eta fidagarriagoak dira.
Eraginkortasuna energetikoak ez du inoiz kalitatearen beherapenik ekartzen?
Teorikoki ez, baina bakarrik teoriko mailan. Norabide horretan lan handia dago. «Integrazioa» hitz klabea da. Hobetu behar diren tekniken multzoaz ari gara. Ezin da azken-azken urteetako teknologia erabili aspaldiko etxebizitza arruntetan, adibidez. Esperimentuak egin dira, esate baterako, erabiltzaile finkorik ez duten eraikinetan. Eraikin hauek «osasuntsuak» dira, hau da, energia asko aurrezten dute, baldintza ezin hobeak betetzen dituzte baliabideak bideratzeko, eta abar. Eraikin horietako erabiltzaileak pozik daude.
Antzineko eraikuntzetan jakinduria tradizionala ere islatzen da. Hori ez al da galdu?
Jakinduri handia dago aspaldiko arkitekturan eta galdu egin da. Adibidez, herri beroetan kaleak eta etxeak freskatzeko sistemak arabiarretatik jaso dira. Horren moldaketa egiten zen, besterik gabe. Airea bideratzeko zuloak, adibidez, ordundik datoz. Erromatarrek ere erabiltzen zituzten, baina duela 2.500 urteko teknologia da. Oraingo lana da jakinduria hori guztia berrirakurtzea eta erabiltzen ikastea. Zoritzarrez asko galdu da. Beste hainbeste gertatzen da herri hotzetako jakinduriarekin.
Zeintzuk dira gai hauetan diru gehien sartzen dituzten herriak?
Aitortu behar da iparraldeko herriak direla. Batez ere, Danimarka. Adibidez, herri mailako berogailua (District Heating System) 1920. urtearen ingurukoa da. Alde handia dago besteekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia