}

Niobioaren saria CEITentzat

2003/05/19 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Londresko Materialen Institutuak Donostiako CEIT ikerketa-zentroko ikertzaile-talde bati eman dio aurtengo Charles Hatchett saria.

Altzairugintzan garrantzi handia izango duen ikerketa bat egiteagatik jasoko du aipatu taldeak nazioarteko saria ekainaren 10ean. Niobioa duen altzairuaren kalitatea hobetzea izan du helburu, eta, horretarako, altzairuaren lantze-prozesuan ageri ziren arazoak identifikatu eta horiek konpontzeko bidea argitu dute.

Charles Hatchett saria jaso du CEITeko taldeak.

Izan ere, erabilera industriala duten material berriak etengabe ari dira garatzen eta horrek lehia handia sortu du. Hori dela eta, material tradizionalen egitura eta portaera aztertzen dihardute ikertzaileek, horien kalitatea hobetu eta material berrien artean protagonismorik gal ez dezaten.

Altzairuaren kasuan, arrunta da niobioa bezalako metalekin nahastea. Titanio, banadio edo molibdeno metalak gehitzen zaizkio, esaterako, betiere oso kantitate txikietan. Nahasketa edo aleazio horiek nahikoa dira kalitate hobeko altzairua lortzeko, izugarri handitzen baita altzairuaren erresistentzia edo sendotasuna. Horrek egitura arinagoak sortzeko aukera ematen du, erresistentzia galdu gabe. Eraikuntzan eta autogintzan erabiltzen da, adibidez, horrelako altzairua. Aleazio horiei esker, gero eta habe estuagoak erabiltzen dira eraikuntzan, eta pisu gutxiagoko altzairu-plakak kotxegintzan. Arintasun horrek, esaterako, nabarmen murrizten du kotxeen kontsumoa.

CEITeko eta Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile-talde hau ere altzairuaren erresistentzia handitzeko asmoz ari da ikertzen, betiere niobioarekin. Niobioa altzairuaren propietate mekanikoak hobetzeko erabiltzen da; nahikoa izaten da altzairuari % 0,03-0,04 gehitzea haren erresistentzia bikoizteko.

Dena den, niobioa duen altzairua prozesatzeko modu berriak garatu ahala, orain arte inork identifikatu gabeko arazoak aurkitu ditu aipatutako taldeak. Horrexegatik jaso dute, hain zuzen ere, saria. Ikertzaile-talde honen iritziz, niobioa gehitzean altzairuan homogenotasun-falta igarri dute. Altzairua lantzean, zenbait kasutan niobioak altzairuaren mikroegituran heterogeneotasuna eragiten duela ikusi dute. Alegia, altzairua osatzen duten kristalen artean tamaina-desberdintasuna ikusi dute hainbat gunetan, eta horrek puntu ahulak edo hauskorragoak sortzen ditu. Hori dela eta, altzairu akastuna sortzen da zenbaitetan. Baina CEITeko ikertzaileek altzairuaren lantze-prozesuaren aldagai guztiak aztertu eta akatsa zuzentzeko kondizio egokiak aurkitu dituzte.

Jose Mari Rodriguez Ibabek, Beatriz Lopezek, Peio Urangak eta Ana Fernandezek osatzen dute saritutako taldea.

Lan honengatik jasotako saria ez da taldeak Londresko Materialen Institutuaren eskutik jaso duen lehenengoa. Duela bi urte, altzairuaren erresistentzia handitzen duen beste metal batekin, banadioarekin, egindako lana saritu zien erakunde berak . Aldi hartan, banadiodun altzairua ohikoa baino tenperatura baxuagoan lantzea edo prozesatzea aztertu zuten. Modu horretan zehaztasun handiagoko piezak lortzen dira, tenperatura zenbat eta altuagoa izan, orduan eta gehiago aldatzen baita altzairuzko piezen tamaina. Bi sariak jaso izanak garrantzi handia du taldearentzat. Izan ere, hori lortu duen munduko lehen ikerketa-taldea da CEITekoa, eta altzairugintzan erreferentzia bihurtu ditu horrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia