}
Simone Eizagirre Barker Fisikaria eta dibulgatzailea

“Nire ustez, garrantzitsua da gizartea zientzia-gaietan jantzita egotea”

2020/06/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nire-ustez-oso-garrantzitsua-da-jende-jantzita-ego
Arg. Simone Eizagirre Barker

Simone Eizagirre Barkerek Cambridgen egon beharko luke, doktoretza egiteko presatzen, baina COVID-19a dela eta hartutako neurriek Errenterian geratzera behartu dute. Etxealdiak une egokian harrapatu du, dena den, eta ez du dena bertan behera utzi beharrik izan.

Gogoan du betitik gustatu izan zaiola zientzia. Batxilergoan, aukera izan zuen praktikak egiteko Polymat zentroan, eta han ezagutu zuen zer den benetan laborategi batean lana egitea: “Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta material polimerikoen ikerketa ere interesgarria iruditu zitzaidan”, adierazi du Eizagirrek.

Zientziaren barruan, ikusi zuen fisika eta kimika zirela gehien gustatzen zitzaizkion arloak. “Konturatu nintzen nanoteknologia oso gustuko nuela, fisikan eta kimikan, bietan dauden kontzeptuak baliatzen baititu”.

Polymaten hiru udatan praktikak egiten igaro ondoren, eta jada unibertsitatean zela, Fisika Kimika ikasten, Edinburgoko Unibertsitatean, beste zerbait probatu behar zuela erabaki zuen, eta BC Materials zentrora jo zuen hurrengo udan (Bizkaia). “Han materialen ezaugarriak aztertzen aritu nintzen, eta materialak sortzea baino interesgarriagoa iruditu zitzaidan”.

Gero, Eindhoven Unibertsitatean (Herbehereak) urtebete egiteko aukera sortu zitzaion, nanofotonikako talde batean. Batez ere, ikusi nahi zuen ikertzaile-lana gustatzen ote zitzaion, bizimodu gisa: “Gauza bat da praktikaldiak egitea, epe batean, eta beste bat zure egunerokoa hori izatea”. Bere bidea hori zela baieztatzeaz gain, nanofotonikan lan egin nahi zuela ohartu zen, argiaren eta materiaren arteko interakzioa ikertzen.

Edinburgora itzuli zenean masterra amaitu zuen, eta doktoretza bat egitea erabaki zuen. Erresuma batuan badago aukera gai batean baino gehiagotan aritzeko urtebetez, eta, horren ondoren, aukeratzen da doktoretzaren gaia. “Doktoretzako prestakuntza zentroak dira, eta, nire ustez, aproposa da, funtsezkoa baita ondo jakitea zertan eta norekin arituko zaren hurrengo hiru urtetan”. Hala, nanoteknologiako ildo eta talde desberdinen lan egiteko moduak probatu ditu aurten. Besteak beste, perovskiten ezaugarri optikoak eta DNAren nanoteknologia ezagutu ditu.

Azkenean, doktoretzat fotonika kuantikoan egitea erabaki du, eta orain prestatzen ari da, Euskal Herriko etxean, hala egokitu baitzaio. Alde onak ere ikusten dizkio, han, seguru asko, laborategiko lanean murgilduta arituko bailitzateke, eta, orain, berriz, denbora du prestatzeko, dokumentatzeko, ikasteko eta planifikatzeko.

Dibulgatzaile-sena

Ikertzea ez ezik, dibulgazioa ere oso gustuko duela aitortu du Eizagirrek. Edinburgon, zientzia-aldizkarian idazten eta editatzen aritu zen, eta orain podcast bat egiten dabil. Haren esanean, “elkarrizketen bidez, helburua da jendeari erakustea, ez bakarrik zer lan egiten duten ikertzaileek, baizik eta nolakoa den esperientzia hori”. 

Uste osoa du garrantzitsua dela gizartea jantzia egotea zientzian, erabaki politikoez jabetzeko eta haietan eragiteko. Gainera, zientzian egiten den inbertsioaren emaitzak eta onurak gizarteratzeko modua ere bada. 

Orain, COVID-19an lanean dabiltzan ikertzaileak elkarrizketatzen ari da: “Ikaragarria da, gertatzen ari den une berean ari direlako ikertzen”, dio, grinatsu. Nabari zaio bi alderdiak maite dituela, beraz: ikertzea, eta ikerketa gizarteratzea.

 

Simone Eizagirre Barker

Simone Eizagirre Barker Errenterian jaioa da, 1996. Fisika kimika gradua eta masterra egin ditu Edinburgoko Unibertsitatean, eta orain Cambridgen dago, Nanozientzia eta nanoteknologiako masterra egiten eta doktoretzarako prestatzen, Cavendish laborategiko fisika atomikoa, mesoskopikoa eta optikoaren taldean. Lau urteko programa da, eta urrian hasiko du doktoretza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia