Nirea niretzat eta gurea naturarentzat?
2009/12/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Horrek, hala ere, ez du esan nahi naturaren kontserbazioaren eta jabego pribatuaren artean inongo loturarik ez dagoenik. Esate baterako, Gipuzkoako Natura 2000 Sarean dauden Garrantzi Komunitarioko Lekuen % 40 pribatuak dira.
"Naturaren eta bioaniztasunaren ikuspuntutik duen balioari begiratu behar zaio lursail jakin bat babestu beharreko naturgune izendatzeko, eta ez lursail horrek jabego publikoa ala pribatua duen", dio Iñaki Azkaratek, Errenteriako udaleko ingurumen-teknikariak. Eta bete beharreko arauak ere berberak dira babestutako lursail bat publikoa edo pribatua izan.
Arauok mugatu egiten dute, batzuetan, jabeek beren lursailetan zer egin dezaketen. Eta jabeek, oro har, ez dituzte oso begi onez hartzen muga horiek, Fernando Otazuak, Gipuzkoako baso-jabeen elkarteko zuzendari teknikoak, dioenez: "Azken batean, beste egoera batean aterako luketen baino onura ekonomiko txikiagoa ateratzen dute, eta egoera horren aurrean zuhur agertzen dira". Gainera, dio, "jabeei ez zaie iruditzen beren lursail bat naturgune izendatzeak onurarik ekarriko dienik. Ez dute onura gisa ikusten turismoa handitzea, biodibertsitatea handitzea eta abar".
Administrazioak badaki hori, eta zenbaitetan diru-ordainak ematen dizkie jabeei erabilera-mugen truke. Ismael Mondragónek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitaten Kudeaketako zerbitzuburuak, emandako informazioaren arabera, Gipuzkoan 119 espediente eraman dituzte aurrera 1987 urtetik hona laguntzak emateko. Laguntza horien bitartez 168 ha babestu dira, eta, horretarako, 540.975 euro erabili dituzte.
Jabeek pozez hartzen dituzte diru-ordainak. Otazuak adierazi bezala, "herriak erabaki badu merezi duela neurri jakin batzuk hartzea pertsona jakin baten lurretan, zuzenena da herriak nolabaiteko ordainsaria ematea jabe horri".
Administrazioak hainbat bidetatik jotzen du biodibertsitatearen aldetik interesgarri iruditzen zaizkion lursail pribatuak babestera. Ez dute beti lortzen, ordea, martxan jarritako ekimenak nahi bezala bukatzea. Azkaratek horrelako kasu baten adibidea aipatu du: Errenterian, Aiako Harriko Parke Naturaletik hurbil, interes handiko harizti txiki bat dago; hainbat ale heldu ditu. "Lursail horren jabeak Aldundiaren baimena lortu zuen hariztia botatzeko, eta horren berri izan genuenean, gure sailak, Ingurumen Sailak, esku-hartzea erabaki zuen", dio.
Jabearekin elkartu ziren, eta aztertu zuten Udalak lursaila erostea. Ingurumen Sailak egindako proposamena, ordea, ez zen aurrera atera Udalean, eta ez zuten erosi. "Une honetan, ez dakigu zer gertatuko den harizti horrekin. Izan ere, Aldundiaren baimena izan arren, oraindik ez dute bota", adierazi du Azkaratek.
Kontserbazioa, izen-abizenekin
Bertiz Jaurerria da horren adibide bat. Hain zuzen, Euskal Herrian egoera ekologiko onenean dagoen baso handienetako bat da: bi mila hektareako baso heldu bat dago, eta oso ekosistema aberatsa garatu da haren itzalean.
Egoera horren erantzule nagusia Bertizek izan zuen azkeneko jabe partikularra da, Pedro Ziga jauna. 1898an erosi zuten Pedro Zigak eta haren emazteak, Dorotea Fernandezek, Bertiz Jaurerria. Bikoteak eman zion jaurerriari gaur egun duen itxura, eta ez zuten nahi hildakoan itxura hori alda zedin. Horretarako, testamentuan idatzita utzi zuten Nafarroako Aldundiari utziko ziotela, eta haren esku geldituko zela, betiere baldintza hau betetzen bazuen: ezingo zituen jaurerriaren ezaugarriak aldatu.
Baldintza horren pean pasatu zen, bada, 1949. urtean Nafarroako Aldundiaren eskuetara. 1984. urtean Parke Natural izendatu zuten, Euskal Herriko lehenengoa, eta, harrezkero, kudeaketa-planen bidez zehazten dute zer ekintza egin bertan, zer neurri hartu eta zer ildori jarraitu, Bertizko basoak ez dezan galdu duen balioa.
Pribatua publikoaren osagarri
Berez, babestutako naturgune guztiek behar dute kudeaketa-plan bat. "Hainbatetan, baina, ekintza horiek ez dituzte asetzen naturgune jakin batek dituen behar guztiak", adierazi du Azkaratek. Eta, batzuetan, behar horiek eskatzen dute eremu pribatuetan aparteko ekintzak egitea.
Horixe gertatzen da, esate baterako, Urdaibai Biosferaren Erreserban, eta, zehazki, Amunategi errekan. Amunategi erreka bisoi europarraren bizileku da, han dago baso-igel iberiarraren populazio handiena, baita babestu beharreko hainbat landare ere, eta abar. Urdaibain dagoen heinean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio Amunategi kudeatzea.
Urdaibaiko kudeaketa-planean ikus daiteke Amunategi kontserbatzeko lehentasunen artean dagoela. Hala ere, Urdaibai Fundazioak dioen bezala, "ez dago inolako ekintza-planik aurreikusita erreka horren egoera ekologikoa hobetzeko".
Urdaibai Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu bat da, helburu gisa naturaren kontserbazioan eta kudeaketan laguntzea duena. Amunategi errekan bertako landaredia leheneratu nahi dute.
Leheneratu nahi dituzten lursail askok, ordea, jabe pribatua dute, eta ezin dira nolanahi sartu lur horietan. Lanerako erabilitako tresna lurraldearen zaintza deritzon ekimena da: irabazi- asmorik gabeko erakunde pribaturen batek naturaren, kulturaren edo paisaiaren kontserbazioaren aldeko kudeaketa egiten du beste norbaiten lurretan. Horretarako, noski, hitzarmenen bat lotzen dute lursailen jabeekin. Dagoeneko 100 bat hektareatan egiten ari da lan Urdaibai Fundazioa kudeaketa-sistema horren bitartez Hego Euskal Herri osoan.
"Amunategin, zehazki, 17 lursail ditugu dagoeneko gure ardurapean. Horretarako, zazpi jaberekin egin behar izan dugu tratua" dio Urdaibai Fundazioko Maider Olondok. Denera, 20 hektareatik gora lur, eta, gutxi gorabehera, errekaren 750 metro lineal. Amunategiren arroak, ordea, 300 hektareako azalera du.
Lursailak leheneratzea ez da lan makala, zuhaitzak kendu, lurzorua tratatu eta landare berriak landatu behar baitira. Eta, lanaz gainera, "izugarrizko dirutza" behar izaten dutela dio Olondok. Fundazioko bazkideek dirua jartzen dute, baina hori ez da, inondik ere, nahikoa. Hainbat iturritatik jaso dituzte orain arte diru-laguntzak: erakunde publikoetatik (Eusko Jaurlaritzatik eta Busturiako udaletik), beste fundazio batzuetatik (Natura eta Biodiversidad fundazioetatik), Urdaibai biosfera-erreserbaren patronatutik eta enpresa pribatu batetik (Torraspapel).
Jabeekin tratuan
Lana eta dirua ez da bakarrik lursailetan lan egiteko. "Lursailen jabeekin tratuak egitea oso zaila da hemen", adierazi du Olondok. Gehien-gehienetan diru-tratuak egin behar izan dituzte lur-jabeekin. Zuhaitzak mozteko unean irabaziko luketen dirua eman diete jabe batzuei.
Izan dute, hala ere, diru-trukerik eskatu ez dien jaberik ere. David Elexgaray izan da horietako bat. Berak pare bat lur-zati utzi dizkio Urdaibai Fundazioari. Erabaki hori hartu zuen aurretik ezagutzen zuelako, batetik, zer garrantzitsua den Urdaibaiko bioaniztasunari eustea, eta, bestetik, zer emaitza onak eman dituen lurraldearen zaintzak askoz hedatuago dagoen herri batzuetan; hala nola Erresuma Batuan.
Dena den, jabe askok dirua tarteko sartu nahi izateak ez du Elexgaray harritzen. Haren ustez, baserriaren kultura dago jarrera horren atzean: "baserriarekin lotuta dagoen orok etekina eman behar du. Lursailetan zelaiak ez badituzte, baratzak dituzte baserritarrek, edo, bestela, zuhaitz-landaketak. Haien eskeman ez da sartzen lursailen bat uztea berezko basoa leheneratu dadin. Ez dator bat haiek ezagutzen duten tradizioarekin".
Jabeek hasieran kontrako jarrera izatea normala iruditzen zaio Azkarateri, Errenteriako udaleko ingurumen-teknikariari: "Kontrako jarrera hori ez da bakarrik naturaren kontserbazioan ikusten; hainbat herritarri ez zaie ondo iruditzen tabakoaren kontrako neurriak hartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea edo autoa uzteko TAOa ordaindu behar izatea". Baina guztiak "egin beharreko politika publikoak" direla uste du.
Hala ere, sektore pribatuan jarrera-aldaketa bilatu aurretik, Azkaratek uste du lursail publikoetan badagoela zer egin: "XXI. mendean, Euskal Herriko udalerri askok ez dute ia dirurik lortzen baso- eta egur-ustiapenetatik; jarduera ekonomiko nagusiak merkataritzarekin edo industriarekin lotuta daude. Egoera horretan, ez dago inongo beharrik herri-lurretan egurra ekoizteko".
Gaur egun, oso estaldura txikia dute baso naturalek lursail publikoetan. Hala ere, lursail publikoetan gero eta bertako baso gehiago sartuko direlakoan dago Azkarate. "Gipuzkoaren % 20 publikoa da, eta egoera horretara eraman nahi dugu. Gainerako % 80arekin zer egin? Bueno, hitz egingo dugu unea iritsitakoan, baina herri-lurretan egin dezagun ganorazko kudeaketa bat: leheneratu ditzagun bioaniztasuna eta habitat naturalak (hariztiak, ameztiak, artadiak, haltzadiak, pagadiak eta abar)".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia