Nobel sariak auzitan
2018/10/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Donna Stricklandek harrituta jaso zuen Nobel sarien ordezkariaren deia. Ezin zuen sinetsi, eta are sinesgaitzagoa egiten zitzaion Fisikako Nobel saria jasoko duen hirugarren emakumezkoa izatea, sariketaren historia osoan. Antza denez, ez zegoen oso arduratuta Nobel sariekin, hori ere ez baitzekien.
Alabaina, azken urteotan gero eta ozenagoa da Nobel sarien aurkako iritzia, besteak beste, emakumezkoak baztertzeagatik. Izan ere, zenbakiak argiak dira: 1901ean hasi ziren banatzen Nobel sariak; geroztik, aurtengoak barne, 17 emakumezko baino ez dituzte saritu zientzietako hiru kategorietan: 12 Fisiologia eta Medikuntzakoan, 3 Fisikan (azkena, aipatutako Donna Strickland) eta 5 Kimikan (azkena, aurten bertan: Frances Arnold).
Aipatzekoa da, berez, 18 aldiz eman diotela sari bat emakumeren bati, baina batek, Marie Curiek, bi jaso zituen: Fisikakoa 1903an, eta Kimikakoa 1911n.
Kimikakoa bakarka irabazi zuen. Hori ez da ohikoa, ezta sarituak gizonezkoak direnean ere. Fisikakoa, ordea, hasieran ez zuten hari emateko asmorik, bere senarra Pierre eta Henry Becquereli baizik. Pierre Curiek ohartarazi zien ez zuela saria jasoko, emazteari ere ematen ez bazioten, Marieren lana funtsezkoa izan baitzen saritzen zuten ikerketan. Horrela lortu zuen Suediako Zientzia Akademiak Marie Curie ere saritzea, Pierre eta Henry Becquerelekin batera.
Pierre Curieren jokabidea ez da batere arrunta, behin baino gehiagotan jakin baita gizonezko batek jaso duela saria, berez harekin lan egindako emakumezkoak merezi zuenean (edo biek merezi zutenean). Horrelako adibide asko daude. Behar bada, ezagunenetako bat Lise Meitner fisiariarena da. Fisio nuklearra aurkitu zuen ikerketa-taldeko kide garrantzitsua zen arren, haren nagusi Otto Hahni eman zioten Kimikako Nobel saria.
Donna Stricklandek, alde horretatik, zorte hobea izan du. Izan ere, tesian egindako ikerketagatik saritu dute, tesi-zuzendariarekin batera. Hori bai: tesi-zuzendari izan zenak, Gerard Mourouk, hainbat izendapen entzutetsu eta sari jaso ditu bere ibilbidean; aldiz, Strickland irakasle-laguntzailea zen saritu zuten unean, eta ez zuen artikulurik Wikipedian (zirriborroetan zegoen).
Oso bestelakoa da aurtengo beste emakumezko sarituaren kasua, Frances Arnoldena, zeinak Kimikako Nobel saria jaso duen. Fisikari ospetsu baten alaba, arrakasta handia du, eta aitortza ere jaso du; adibidez, Milurteko Teknologia Saria jaso zuen lehen emakumea bihurtu zen 2016an.
Hain zuzen, Nobel sariak ez dira emakumeak baztertzen dituzten bakarrak: Matematikan ematen diren sari ezagunenetako bat da Abel saria, eta oraindik ez du emakumezko bakar batek eskuratu. Arlo bereko beste sari ezaguna Fields saria da, eta hor bakarra saritu dute: Maryam Mirzakhani.
Emakumeen bazterkeria alde batera utzita, Nobel Sariek bestelako kritikak ere jasotzen dituzte. Besteak beste, zergatik aitortzen diren kategoria horiek bakarrik, eta gehienez hiru zientzialarik jasotzen duten saria, kategoria bakoitzean, lantaldeak saritu beharrean. Ez da erraza gaur egungo zientzialarien lana aitortzea, duela ehun urte baino gehiagoko irizpideekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia