}

Nobel saridun baten zintzotasuna

2020/01/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Imajinatu aurkikuntza bat egin dudala. Imajinatu aurkitu dudala mahats-luku bat uretan murgilduta hamar segundoz, ura ardo bihurtzen dela. Eta imajinatu zuri kontatzen dizudala hori. Noski zuk proba egingo zenuke, baina behin eta berriz saiatuta ere, ez zenuke lortuko ura ardo bihurtzen. Eta protesta egingo zenidake arrazoiz gainera. Azkenean, nik atzera egin beharko nuke: zuri esandako aurkikuntza ezin bada errepikatu, ezin delako ontzat hartu. Nire aurkikuntza ez litzateke aurkikuntza bat izango. Demagun, gainera, intentzio onarekin egin dudala ustezko aurkikuntza hori; alegia, ez dela engainatzeko asmoarekin izan. Bada, berdin du. Hala eta guztiz ere, aurkikuntza hori ez litzateke aurkikuntza ez ezer izango. Intentzio onak ez du egiarik sortzen. Adibide txoroa da, baina ulertzen da, ezta? Bada, horixe bera gertatu zaio Nobel saridun bati.
nobel-saridun-baten-zintzotasuna
Francis Arnold, 2018ko abenduan Nobel Saria jasotzen. Arg. Bengt Nyman / CC BY 2.0

2018an Kimikako Nobel saria jaso zuen Frances Arnold kimikariak ezusteko txio bat bota zuen twitterren urtarrilaren 2an: berak argitaratutako azken artikulua ez dela bidezkoa eta bertan aurkezten dituen emaitzak ezin direla ontzat hartu, adierazten zuen txioak. Modu gordin batean esanda, argitaratutakoa ez dela egia. Arnoldek barkamena eskatu du eta erretiratu egin du argitalpena. Eskertzekoa da zintzotasuna. Horrelakoak ez dira beti ikusten.

Berez, artikuluan, beta-laktamen sintesia entzimen bitartez nola ematen den azaltzen zuen. Ez gara edukian sakon sartuko, baina beta-laktamak dira, adibidez, penizilinen oinarri molekularra. Guk sintesi kimikoen bidez sintetizatzen ditugu, baina naturan entzimen bitartez sintetizatzen den egitura molekular bat dira. Arnolden taldeko esperimentuetan, entzima horien aktibitatea hainbat kondiziotan neurtzen zuten, baina esperimentuak errepikatu zituztenek ez zituzten emaitza berak lortzen. Eta, azkenean, Arnoldek atzera egin du publikoki.

Aipatzekoa da zientzialari gehienen erantzuna ez dela txarra izan. Eskertu egin diote artikulua erretiratzea eta horren aitorpen publikoa egitea. Bestalde, esan behar da Arnold ez dela sinatzaile bakarra, baina noski, Nobel saridun bat izanik, itzal handia du eta denok hari begiratzen diogu.

Zer gertatu da? Nolatan argitaratu ditu zuzenak ez ziren datuak? Ez dago argi, baina dirudienez, ba omen zituzten artikulua idazteko garaian kontuan hartu ez ziren datu batzuk. Litekeena da Arnolden taldean datu horiek baztertu izana garrantzirik ez zutela pentsatuta, eta aldiz garrantzitsuak izatea. Edonola ere, argitaratu ziren datuak ez ziren zuzenak eta esperimentuak ezin ziren errepikatu. Horrela, Frances Arnold Kimikako Nobel saridunak artikulua erretiratu eta barkamen publikoa eskatu du. Gehienon ustez, guztiz eredugarria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia