Noiz iritsi zen lehenengo aldiz gizakia ameriketara?
1987/06/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gu geu, Homo Sapiens Sapiens-a alegia, duela ehunen bat mila urte Afrikan sortu ginen eta duela 40.000 urte Afrika, Europa, Asia eta Australian zehar sakabanatu ginen. Hamar milaka urte batzuetan, Neanderthaleko gizakiarekin, (Homo sapiens neanderthalensis-ekin) elkarturik bizi ginen. Baina duela 35.000-40.000 urte, homo sapiens sapiens-a beste hominido guztiei nagusitu egin zitzaien, Europa, Afrika, Asia eta Australian.
Eta Ameriketan, zer? Eskuraezina zuten orduan gizaseme primitiboek. Nahiz eta oso sapiens izan, Ozeano Barea edo Atlantikoa zeharkatzea lortu zutela pentsatzea latza da. Eta izoztaro batean Beringen Itsasartea zeharkatu bazuten? Tenperatura jaistean, itsasoei lurrintzen zaien uraren zati handi bat bertara euri moduan itzuli beharrean, izotz eta elur moduan metatu zen. Uraren maila jaitsi egin zen eta Beringen Itsasartea istmo bilakatu zen. Honelako egoeran esploradore primitibo haiek Asiatik Ameriketara pasatzerik izango zuten. Alabaina, bigarren oztopoarekin egingo zuten topo: Baretik Atlantikora (gaurko Kanada aldean) zegoen izotzezko hesi itzel batekin.
Ameriketan ezagutzen diren giza aztarnarik zaharrenek 12.000 urte inguru dituzte. Datu honen arabera, Ameriketaren kolonizazioa beste kontinenteena baino beranduago hasi zela dirudi; azken glaziazioaren bukaera aldean izango zen.
Lehenengo kolono haiek, Siberiako mongoliarrak ziren; Lena-ren ibarretik zetozenak eta Beringo Itsasarteko zubia zeharkatu ondoren Kanadako izotz-hesia zeharkatzea lortu zuten, ireki zen pasagune batetik joanez. Glaziazioaren ondorengo beroaldiak, Kontienente osoan azkar barreia zitezen erraztu zuen.
Hau da mende hasieraz gero onartzen den ideia. Ideia hau oso egoki datorkio garai haietarako suposa daitekeen egoera ekologikoari. Izoztaroak bere maximoa, duela 18.000 urte izan zuen. Oraindik dirauen klimaren beroketa, duela 13.000 urte hasi zen. Honek, itsas uren maila igo erazi egin zuen eta urek duela 10.000 urte Beringo istmoa moztu egin zuten. Mamutaren ehizean zebiltzan giza taldeek, 3.000 urte inguru izan zituzten istmoa zeharkatu eta Alaskara iristeko. Ameriketa osoan sakabanatzea, denbora-arazoa besterik ez zen izango beraz.
Hala ere, kronologia hau bertan behera erortzen ari da azkeneko datu antropologiko eta arkeologikoen kausaz. Karbonoaren bidezko datazio-metodoek, gizasemea Hegoameriketan duela 32.000 urte bizi zela adierazten dute. Gainera, hegoameriketan zenbait tokitan duela 15.000-20.000 urteko pinturak aurkitu dira. Ekain-en euskaldunen arbasoak pintatzen ari ziren garai berean, Inkenek lan berdinean ziharduten.
Ameriketaren kolonizazioari buruzko ideien berrazterketa, duela 13 urte hasi zen. Orduan, antropologo frantses eta brasildarrez osatutako talde bat, Brasileko iparrekialdeko Pedra Furada (Zulatutako Harria) izeneko tokian lanean hasi zen. Toki hau giza aztarnez josita dago eta munduko aztarnategirik handientzat jotzen da. Milaka urtean zehar pilatutako aztarna eta hondakinak biltzen dira Pedra Furadan. Bertan bildutako aztarnak sistematikoki karbono 14-az datatzen ziren, eta iaz egurrikatzez osatutako lagin batek 32.160 ±100 urteko adina eman zuen. Datu hau, paretetik eroritako harri pintatu batetik hartutako beste lagin batek konfirmatu egin zuen.
Bestetik, Thomas Dillehay antropologo iparrameriketarrak antzeko beste aurkikuntza bat egin du Mexikoko Monte Verde-n; 33.000 urte dituzten zur-puxkak, landutako harriak eta egurrikatza.
Datu hauen eta beste batzuen arabera, badirudi Ameriketarako emigrazioa uste baino lehenago gertatu zela; duela 32.000 urte, batzuen eritziz. Beste batzuek gainera, proposatutako bidea ere zalantzazkoa dela diote.
Zein da bide hori? Thor Heyerdahl esploratzaile norveigiarrak, kolonizatzaile primitibo hauek Ozeano Barea untziz zeharkatu zutela dio. Hasiera batean ideia harrigarria badirudi ere, kontutan hartzekoa da. Australia kolonizatu zuten gizakiek untziz pasa behar izan zuten. Asia eta Australia artean, 100 km zabaleko itsasartea zegoen. Beste adibide bat, duela 3.500 urte baino gehiago Ozeano Bareko irlak kolonizatu zituzten polinesioena da. Alabaina, gizaseme primitibo hauek duela 40.000 urte untzi soil batzuez Ozeano Barea edo Atlantikoa mutur batetik beste batera zeharkatzerik izan zutela pentsatzea, gaitza da.
Ameriketako lehenengo gizasemeak Alaskan zehar etorri zirela pentsatzeak zuzenago dirudi. Hala ere, emigrazioa uste baino lehenago gertatu zen.
Aro koaternarioa duela 127.000 urte hasi zen eta hamarren bat mila urtez iraun zuen beroaldi bat etorri zen. Ondoren, duela 100.000 urte izoztaro batek itsasoaren maila 70 m jaitsi erazi zuen. Beroaldi eta itzotzaldiak txandaka egon ziren, duela 75.000 urte gertatu zen izoztaro handia iritsi arte. Honek, hamabost mila urtez iraun zuen. Duela 62.000 mila urte, posible zen artean Siberiatik Alaskara oinez joatea. Bi mila urte geroago erabat ezinezkoa zen hori. Segidan beste glaziazio batzuk (-52.000 eta -40.000 urte) gertatu ziren duela 28.000 urte hasi zen azken izoztaro handia baino lehenago.
Duela 35.000 urte gizasemea Ameriketan bazegoen. Beranduen duela 40.000 urte hasi eta bost mila urte geroago amaitu zen izoztaroan pasatu zuen Beringen Istmoa. Baina zein motatako homo sapiens-a zen? Sapiens sapiens ala sapiens neanderthalensis-a? Garai hartan bata eta bestea elkarrekin bizi ziren artean.
Azken hauek, besteek bezala jantziak janzten zituzten, harriak lantzen zituzten, elikagaiak sutan erretzen zituzten ... Ameriketako lehenengo gizasemea nolakoa izan zen orduan? Inmigrazio-olde bat ala gehiago izan al zen? Horien hezurrak topatzen ez diren artean, airean geldituko dira galdera guzti hauek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia