}

Nola erabili smartphoneak eta tabletak ohean, loa galdu gabe

2013/06/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

nola-erabili-smartphoneak-eta-tabletak-ohean-loa-g
Argia igortzen duten gailuek loaren asaldurak eragiteko arriskua dute, melatoninaren ekoizpena galarazten dutelako. Arg. Elhuyar Zientzia.

Smartphoneak eta tabletak gauez erabiltzeak loan eraginik ez izateko aholkuak eman ditu Mayo klinika estatubatuarrak. Hain zuzen, gailu horiek erabiltzeak loan duen eragina aztertu dute Mayoko ikertzaileek, eta loarekin erlazionatutako adituen elkarteen biltzarrean (Sleep13) aurkeztu dituzte emaitzak. Horren barruan eman dituzte aholku horiek.

Aurretik egindako beste ikerketa batzuek erakutsi dute smartphoneek eta tabletek igortzen duten argitasunak melatonina hormona ekoiztea galarazten dutela, eta horren ondorioz loaren asaldurak agertzeko arriskua dagoela. Adibidez, Rensselaer Institutuko LRC zentroan (Lighting Research Center) frogatu zuten argia igortzen duten pantailak bi orduz erabiliz gero, behar baino % 23 melatonina gutxiago ekoizten dela.

Gainera, LRCko ikertzaileek ohartarazi zuten melatonina gutxiago sortzeak, loan ez ezik, beste alderdi batzuetan ere eragin dezakeela, besteak beste, obesitatean, diabetesean, eta baita bularreko minbizian ere.

Orain, berriz, eragina argiaren intentsitatearen eta pantaila begietatik jartzen den distantziaren araberakoak dela ikusi dute Mayo klinikan. Are gehiago: erabiltzaileen lasaitasunerako, baieztatu dute smartphonea edo tableta intentsitate txikian eta 35 zentimetroko gutxieneko distantzian jarrita erabiltzen badira, ez dutela ondorio kaltegarririk melatoninaren ekoizpenean eta, beraz, ezta osasunean ere.

 

 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia