Nola jakin dezakegu soldadura ondo egina dagoen ala ez?
2002/05/14 Elhuyar Zientzia
Bi pieza metaliko lotzeko erabiltzen den ohiko sistema soldadura da, baina soldatutako gune horiek piezen ahulgunerik garrantzitsuenak izaten dira, loturak txarto eginak badaude, batik bat.
Soldadura egiteko, bi xaflaren borneak berotu, urtu eta elkartu egiten dira, edo bestela, antzerakoa den beste metal bat urtu eta tartean erabiltzen da juntagailu modura.
Baina juntura horrek ahalik eta homogeneoena izan behar du. Izan ere, nolabaiteko burbuilak edota zuloak agertzen badira, edozein indarren aurrean, hortik apurtuko da pieza.
Ahulgune horiek ikusteko teknologia aurreratua erabiltzen da; izan ere, bistakoa da ezin dela pieza apurtu soldadura-kordoia ondo egina dagoen ala ez ikusteko.
Soldaduren bolumetria ikuskatzeko erabiltzen diren tekniken artean, X izpien bidezko erradiografia, gamma izpien bidezkoa eta ultrasoinuak daude.
X edo gamma izpiek materialak zeharkatzeko duten gaitasuna dela eta, izpi horien bidezko erradiografiak erabiltzen dira soldadurak, burdinurtuak, forja eta materialak, oro har, ikuskatzeko. Izan ere, soldadura-kordoia zeharkatu ondoren izpiak argazki-plaka batean jasotzen dira, eta irudia homogeneoa ez bada, soldadura bera homogeneoa ez den seinalea da hori.
Ultrasoinuen bidez ikuskatzen denean ere, hausturaren kokapena, neurria eta orientazioa zein diren jakin daiteke. Bestalde, teknika horrek abantaila bat du: piezaren alde bakarrera iritsi behar da, soinua alde beretik igorri eta jasotzen baita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia